Zerutxuren Karmen jaietako ikuskizuna musika eta antzerkiz lagunduta dator

Karmen jaietan bi urtetik behin ohi duen modura, aparteko emanaldiagaz dator aurten Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldea. Txikietatik nagusiak arte aterako dira frontoiko agertokira domekan [uztailak 8], 20:00etan. Hiru ataletan banatu dute ikuskizuna, eta tartean gonbidatu berezi bi izango dituzte: Abarka eta Abarketatxoak antzerki taldea eta Algara musika taldea.

Zerutxu, Abarka eta Abarketatxoak eta Algara taldeko dantzari, aktore, abeslari eta musikariak.

Zerutxu, Abarka eta Abarketatxoak eta Algara taldeko dantzari, aktore, abeslari eta musikariak.

Guztira hamar dantza eskainiko ditu Zerutxuk, eta berriak edo aspalditik agertokira atera barik dituztenak gogora ekarri eta plazaratuko dituzte. Sardinerak, Bera Bidasoa, Erregineta edo Amaia dantzak prestatu dituzte besteak beste ikasturte honetan jaietako emanaldiari begira.

Mutilen taldekoek aurreratu dutenez, 25. urteurrenean egin zituzten dantza berdinak berreskuratu dituzte domekako dantzaldirako. “25. urteurrenean Gipuzkoako dantzak eta Amaia dantzatu genituen mutilek lehenengoz, eta berriro jendaurrera ekartzea erabaki dugu”. Garai hartako dantzari batzuk eta berriek egingo dute aurten dantza, eta ikasi eta koreografiara egokitzen ibili dira azken egunetan. “18 laguneko taldea eskatzen du ikuskizunak, mutiletan nahiko zenbaki handia. Ez dira gainera, ohiko dantzak eta beraz konpromisoa hartu eta entseguetan murgilduta ibili gara”. Gazteek hutsetik ikasi behar izan dituzte dantza berriak eta nagusiagoek koreografia freskatu, hala ere gogoz eta ilusioz kolpe diote erronkari, publikoari onena emateko.

Neska nagusiek Erregineta eta Bateleraz egingo dute, aspalditik frontoira eraman ez dituzten dantza bi, eta Erreginetari ukitu modernoa sartu diotela aitatu dute. Dantzari ertain eta nagusiek Sardinerak dantzatuko dute, eta ertain txikiek Mistoa. Txikienek emango diote sarrera emanaldiari.

Gonbidatuak. Dantzaldiko atalen tarteetan ere zer edo zer berezia eskaini asmoz, Abarka eta Algara taldeen ateak jo zituen Zerutxuk. Erabaki horrek proiektu ezberdinen bat egite interesgarri eta desberdin bat eragin du. Abarka antzerki taldekoek, alde batetik, Uhagon kulturgunean eskainitako antzerki ikastaroko gazteengana jo dute, eta Abarketatxoak izenagaz bost gazte batu dituzte proiektura: Aimar Gabiola, Latika Alberdi, Maddi Oregi, Haizea Olabarria eta Manex Arakistain. Bestetik, Algara Musika Taldeko neskak ere –Nora Agirre, Naia Egia, Maria Burgoa eta Ane Agirre–, banatuta abestu barik, proiektura gehitu dira. Horrela, abestu, dantzan egin eta antzeztu ere egingo dute oraingoan.

Ikuskizuna ustekabekoa izatea nahi du taldeak, eta beraz, zertzelada txiki batzuk besterik ez dituzte aurreratu nahi izan. “Hiru esketx egingo ditugu eta bitan egongo dira Algarakoak”. Abarkatatxoen eta Alagarako kideen parte hartzeagaz gainera Caren Niemann alemaniarra ere sartu dute egitasmoan Luis Egurrola eta Eneko Arreta Abarkako kideek. Santiago bidea egiten ari zela Harria gorde Jose Pablo Arriagaren erakusketa ikusi zuen Niemannek Arretxinagan, eta itzuli eta Arriagagaz praktikak egiten ari da. “Caren egotea garrantzitsua dela begitantzen zaigu, beste ekarpen batzuk egin ahal dituela ikusten dugu eta”.

Gaiari dagokionez, gaur eguneko istorio bat dela azaldu dute, “oso modan dagoena eta denok ikusi duguna noiz edo noiz telebistan”. Zer edo zer ezberdina egin nahi izan dute eta ezkutuko lotura daukaten hiru giro desberdin sortuko dituzte. Lotura publikoak egin beharko du detaile txikiak kontuan hartuz.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

Send this to friend