Bandera beltza eman diote Mutrikuko Mijoa errekari

Ekologistak Martxan elkarteak urteroko bandera beltzen txostena aurkeztu du. Beste behin ere kostaldeko ingurumen egoera neurtu dute, eta bertan, egoera larrienak aipatu dituzte. Gipuzkoan Mijoa erreka nabarmendu dute “kutsadura larriagatik”.

Euskal Herriaren kasuan lau bandera beltz izendatu dituzte, bina Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean. Hau da, bi bandera mota ezartzen zaizkio probintzia bakoitzari; herrialde bakoitzeko kutsadura kasu bat eta kudeaketa txarrari dagokion beste bat aukeratzen dute.

Gipuzkoako kasuan, Mijoa errekaren kutsadura eta Donostiako Metroaren kudeaketa txarra azpimarratu dituzte. Bizkaian, berriz, plastikoek dakarten kutsadura eta Bilboko Portuaren kudeaketa eskasek eraman dituzte bandera beltzak.

Mijoako erreka ikurketa baten ostean kutsatuta, 2016ko uztailean

Mijoako erreka isurketa baten ostean kutsatuta, 2016ko uztailean. Argazkia: Eguzki

 

Ekologistak Martxanekoek adierazi dutenez, Gipuzkoako kostaldean hainbat kutsadura kasu larri badaude ere, bandera beltza Mijoako errekari ematea erabaki dute aurten. “Hainbat isurketa egiten dira; errekaren arroan dauden industrialdeetatik, baita ere bertan dauden ganadu ustiaketatik”.

Errekaren egoera oso txarra dela nabarmendu dute. “Iaz egin modura, Ekologistak Martxan elkartetik Gipuzkoako hainbat tokitan dagoen saneamendu arazo larria salatu nahi dugu. Zenbait arazketa azpiegiturak atzerapen urteak edota hamarkadak daramate, eta epe motzean, ez dirudi honi irtenbidea emango zaionik. Izan ere, horretara bideratzen den aurrekontua ez da nahikoa, edo askotan, hori ez dela egingo diote”.

Gaineratu dutenez, Mijoa errekako uraren kalitatea oso txarra da eta inguruaren degradazioa ere nabarmena da. “Adierazle guztiek amonio kutsadura organikoa dagoela agertzen dute. Bertan dauden arrainek izan ezik (horiek ez dira ebaluatu), beste guztiak ez du betetzen kalitate helburua”.

Boluntarioak Gaztelugatxe inguruak garbitzen

Boluntarioak Gaztelugatxe inguruak garbitzen. Argazkia: Bermeoko Udala

Eta kutsadura kasuak askotan errepikatzen direla ere azpimarratu dute. “Askotan agertzen dira hildako arrainak errekan”. Txostenean dioenez, beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak saneamendu eta arazketa azpiegiturak egitea.

Plastikozko kutsadura, kezkagarria. Bizkaian, bestalde, bizkaiko kostaldeari eman diote bandera beltza, bertan dagoen plastikozko kutsadura kezkagarriagatik.  Ekologistak Martxanek salatu duenez, hondartzetan eta kostaldean, oro har, batez ere plastikozko kutsadura dago. “Ez dago zertan Pazifikora edo Ipar Atlantikoara zertan joan itsasoa zaborrez eta plastikoz beteta ikusteko, izan ere Bizkaiko itsasertzean, edozein hondartza edo inguruetan, urterik urte plastiko eta hondakin kopurua goraka doa, eta hori ekiditeko ezer gutxi egiten dute horren ardura duten erakundeek”.

Horretarako, datu ofizialak erabili dituzte. Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen arabera, 2017an 957 tona hondakin batu zituzten hondartzetan.

Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari plastikoen ekoizpenari buruzko legea aldatzeko eskatu diote, Europar Batasunak dioen modura. “Horrez gain, eskatzen dugu hondakinak eta plastikoak (batez ere mikropastikoak) garbitzeko bitartekoak ipintzeko eskatzen dugu, ez bakarrik hondartzetan, baizik ere itsasertz guztian”.

[HONEKIN LOTUTA: Mutrikuko Mijoa errekaren egoera txarra dela berritsi du Ura agentziak]

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

Send this to friend