Mutrikuko Mijoa errekaren egoera txarra dela berretsi du Ura agentziak

Uraren Euskal Agentziako Euskal Autonomi Erkidegoko ibaien egoera ekologikoari buruz urtero egin ohi duen txosten plazaratu berriaren arabera, Saturraran edo Mijoa errekaren egoera “txarra” da, eta, aztertutako adierazle biologiko guztien arabera, “larriki” urratzen du ezarritako kalitate helburua.

Eguzki talde ekologistak agertu duenez, eta txostenak dioena kontuan hartuta, Mijoa errekaren egoera txarraren arrazoia kutsadura organikoa. Zehatz esanda, oinarrizko saneamendu lanak falta direla azpimarratu dute.

Udan Mijoa errekan egondako isurketa bat

Mijoa errekan egondako isurketa bat. Argazkia: Eguzki

Talde ekologistak, bere aldetik, salatu du Eusko Jaurlaritzak saneamendu alorrean aspaldi hartu zituen konpromisoak bete gabe jarraitzen duela. “Eguzkik behar bezainbestetan gogoratu du erakundeek Gipuzkoan 2007 eta 2011 bitartean hainbat lan hidrauliko egiteko hitzarmen bat sinatu zutela, eta Mijoako saneamendua lan horietako bat zela. Baina finantzaketa gehiena Jaurlaritzak ipini behar zuen, eta urte hauetan guztietan ipini ez duenez, proiektua ez da burutu”.

Gaineratu dutenez, Plan Hidrologiko berriak berriro aurreikusten du proiektua gauzatzea, 2016 eta 2021 urte bitarteko epean. “Baina garbi dago gobernuak ez duela presa handirik. Izan ere, lanok 3,6 milioi euro inguruko aurrekontua dute, eta Jaurlaritzak momentuz 100.000 euro baino ez ditu ipini. Mijoa Bisoi Europarra Babesteko Plan Bereziaren barruan sartuta dagoen arren, bioaniztasuna itotzen duen estolda hutsa da, gaur egun. Ura agentziaren txostenean bertan irakur daiteke kalitate ezin txarragoa eta ingurumena muturreraino degradatuta dagoela”.

Nabarmendu dutenez, Mijoako isuriak Mutrikuko Saturrango eta Ondarroako Arrigorri hondartzetan nabaritzen dira, eta kiratsak, berriz, San Jeronimoko eta Pikupeko bizilagunek jasan behar izaten dituzte.

[HONEKIN LOTUTA: Bandera beltza eman diote Mutrikuko Mijoa errekari]

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

Send this to friend