Kontzezio Egunak bertso jaialdi handia ekarriko du Markina-Xemeingo frontoi nagusira

Ohiturari eutsiz, Kontzezio Egunak [abenduak 8] bertso jaialdi handia ekarriko du Markina-Xemeingo frontoi nagusira. Dagoeneko bertsozaleentzat hitzordu berezia bihurtu den jaialdian ohi den modura, izen handiko sei bertsolari ariko dira aurten ere kantuan: Jon Maia Soria, Maialen Lujanbio Zugasti, Uxue Alberdi Estibaritz, Amets Arzallus Antia, Nerea Ibarzabal Salegi eta Andoni Egaña Makazaga.

Kontzezioko Bertso Jaialdia Markina-Xemeinen

Hiru emakume eta hiru gizonezko elkartu nahi izan ditu aurten jaialdia antolatzen duen Amaiur Kultur Elkarteak, eta guztien onena ateratzen saiatuko da gai-jartzaile lanetan jardungo duen Saroi Jauregi Aiestaran zaldibiarra. Jauregi berria da Kontzezioko oholtzan. Xabi Paia eta Andoni Egaña ere aritu izan dira gai jartzaile lanetan, baina batez ere Josu Goikoetxea gernikarrak jardun izan du urte askoan bertsolarien gidari. Goikoetxeak gai jartzaile lana utzi duenez, emakume bat ekartzea erabaki dute aurten jaialdiaren arduradunek.

Berria da bai eta ere Nerea Ibarzabal Salegi bertsolaria. Markina-xemeindarra herrian bertsotan aritu izan bada ere, estreinakoz parte hartuko du Kontzezio Eguneko jaialdian. Momentu onean dago, gainera herriko bertsolaria. Maila handia erakutsiz, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalistetako bat da Ibarzabal. Markina-Xemeingo frontoiak finalerako prestatzen joateko aukera eskainiko dio.

Sarrerak leihatilan. Beste bost bertsolariek ezagutzen dute jaialdia. Batez ere Euskal Herriko hiru txapeldunek: Maialen Lujanbio Zugastik Euskal Herriko egungo bertsolari txapeldunak eta 2009koak, Andoni Egaña Makazaga 1993, 1997, 2001 eta 2005 urteetako txapeldunak eta Amets Arzallus Antiak 2013ko txapeldunak. Egaña finkoa izan ohi da Markina-Xemeingo jaialdian, eta beste biek ere gutxitan huts egin dute.

17:30ean hasiko da saioa, eta sarrerak egunean bertan erosi ahalko dituzte bertsozaleek 10 eurotan, frontoiko leihatilan.

Kontzezioko Bertso Jaialdia.

Kontzezioko Bertso Jaialdia.

Bertsolariak eta gai jartzailea:

Jon Maia Soria (1972, Urretxu). Bertsoarekin lehen harremana eskolan izan zuen, eta Zumaiako bertso-eskolan trebatu zen. Joanito Dorronsoro bertso-doinu biltzaile eta ikertzailea izan zuen irakasle. 1997an, 2001ean 2005ean eta 2009an Txapelketa Nagusiko finalista izan zen, eta baita Gipuzkoakoan ere 2003, 2007 eta 2015 urteetan.

Maialen Lujanbio Zugasti (1976 Hernani). 15 urterekin ekin zion plazaz plazako ibiliari. 2017ko txapela irabazita, Euskal Herriko egungo bertsolari txapelduna da Lujanbio, 2009an egin moduan; txapeldunorde izan zen 2013an eta 2001ean. 1997tik beti sailkatu da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako. Euskal Herrikoaren aurretik, 2003an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa ere irabazi zuen.

Uxue Alberdi Estibaritz (1984 Elgoibar). Gai-emaile eta antolatzaile gisa hasi zen Elgoibarren, 2004an, Gabonetako bertso jaialdian. Bertsolari gisa, berriz, Plazatik Gaztetxera txapelketan 2006an. 2007an Gipuzkoako txapelketako final aurrekoetara heldu zen.

Amets Arzallus Antia (1983, Hendaia). 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuen eta txapeldunorde izan zen 2009an; 2005etik final guztietan aritu da. Lapurdi, Baxenebarre eta Zuberoan egiten den Bertsulari Xapelgoari dagokionez, 2008koa, 2010ekoa eta 2012koa irabazi zituen, eta Nafarroako txapeldun ere izan zen 2000tik 2003ra bitartean jokatu ziren lau txapelketetan.

Nerea Ibarzabal Salegi (1994, Markina-Xemein). 12 urterekin hasi zen bertsotan eta ordutik hainbat Eskolarteko Txapelketatan eta gazteen sariketatan kantatu du. Lea-Artibaiko Txapelketan 2012an kantatu zuen lehenengo aldiz, eta 2014an txapelduna izan zen. 2016ko Bizkaiko Txapelketako finalista izan zen eta Txapelketa Nagusira sailkatu zen handik. Bizkaiko Txapelketako finalean dago

Andoni Egaña Makazaga (1961, Zarautz). Euskal Herriko bertsolari txapelduna izan da lau ediziotan (1993, 1997, 2001, 2005) eta 1986an parte hartzen hasi zenetik 2009an agurtu zen arte, finalista edizio guztietan. 1991n Gipuzkoako txapelketan txapeldunorde izan zen eta 1999an jokatu zen Herrien arteko txapelketa irabazi zuen Zarauzko taldearekin.

Saroi Jauregi Aiestaran (1978 Zaldibia). Euskal Filologian lizentziatua da, eta Elhuyarren egiten du lan. Egun Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria da eta honenbeste baita Bertsozale Elkarteko zuzendaritzako kidea ere. Gipuzkoako Herri Arteko Txapelketan hasi zuen gai-jartzaile ibilbidea 1999an, eta orduz geroztik, aski ezaguna da gai-emaile modura, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian ere arituz. ETBko Hitzetik Hortzera telebista-saioan ere aurkezle ibili zen 2005etik 2009ra.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

Send this to friend