Kontzezioko Bertso Jaialdiak 800 lagun batu ditu Uni frontoian
Beste behin ere arrakastatsua izan da Amaiur elkarteak antolatutako saioa. Markina-Xemeinen egin duten txondorra ere mintzagai izan dute bertsolariekMarkina-Xemeingo Amaiur kultur elkarteak urtero antolatzen duen Kontzezio Eguneko bertso jaialdiak jend...
Beste behin ere arrakastatsua izan da Amaiur elkarteak antolatutako saioa. Markina-Xemeinen egin duten txondorra ere mintzagai izan dute bertsolariek
Markina-Xemeingo Amaiur kultur elkarteak urtero antolatzen duen Kontzezio Eguneko bertso jaialdiak jendetza batu du aurten ere. Antolatzaileen esanetan, aurten 800 bat lagun bildu ditu jaialdiak. Oholtzara igo ziren bertsolariek ere onena eman zutela esan dute.Saioan parte hartu zuten bertsolari batzuk jaialdi horretan abestu izan badute ere, Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarrak estreinako parte hartu zuen. Eta ondoko bertsoagaz hasi zuen saioa: «Betiko kartel betiko egun/ dana bardin-bardin dago/ baina frontoira lasaixeago/ etorri izan nahiz lehenago/ Gozoki batzuk hartu ta bertan /arratsaldea igaro/ Hogei urtetan zuekin eta/ oin zuen aurrean nago/ saio ostean hautatuko dut/zein alde dudan nahiago».
Behetik gorako saioa
Hasiera batean, saioak nahikoa kutsu serioa hartu zuen; gai serioak jorratu zituzten. Ofiziotan, esaterako, apustuak, presoen gaia eta txaleko horiena ikutu zituzten. Ibarzabalek ere etorkinen inguruan egin zuen bakarkakoa.
Aurrera egin ahala, baina, gai herrikoiagoak jorratu zituzten, eta publikoak eskertu egin zuen. Andoni Egañari, esaterako, Berria egunkariko zutaberako gaiak proposatu zizkioten gainerakoek, eta Markina-Xemeinen egin duten txondorra ere izan zuten mintzagai; Maialen Lujanbiok boluntarioak lanean jarri behar izan zituen. Euskaraldiako txapak kajoian elkarri berba egiten ere entzun ahal izan ziren. Oro har, saioak bi zati eduki zituela esan ahal da; behetik gorakoa izan zen.
Kontzezio Eguneko jaialdian Egañak 25 urte daramatzala parte hartzen plazaratu zuten. Eta Ibarzabalentzako estreinako aldia zenez, biek batera egin zuten bertsotan. Agertokian loreak egoten direnez, Ibarzabalek bertso batean esan zuen Kontzezioko Bertso Jaialdian aritzea balkoitik bere herriari begiratzea bezala dela.
Puntukako saioagaz amaitu zuten jaialdia. Eta Ibarzabali zapatuan jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako animoak ere eman zizkioten; ahal duena eginda ere, ez dela gutxi izango esan zion Jon Maiak. Puntu horrek herritarren txalo zaparrada eragin zuen. Azken agurrean, Ibarzabalek herritarrengandik jasotako babesa eskertu zuen, besteak beste.
Jaialdiak bi ordu inguru iraun zuen, eta herritarrak ikusi eta entzundakoagaz pozik atera ziren frontoitik.