Jendetza ekarri du Katu Baltz Egunak
Jendetza batu da Katu Baltz Egunean Lekeition.
«Poz-pozik» agertu dira Katu Baltz Egunaren antolatzaileak asteburua amaitu ostean, «egun biribila» atzean utzita; jendeak ez dio hutsik egin Lekeition zortzigarren urtez antolatu duten jaiari
Mozorroek hartu zituzten Lekeitioko kaleak zapatuan, Katu Baltz Egunean. Euskal mitologiagaz lotutako egunean, nagusi, ume zein gazte mozorrotuta atara ziren kalera. Asko, gauza gitxigaz egindako katu jantziekin ibili ziren.
Goizean Arrakala irratiak saioa eskaini zuen, eta elkarrizketak egin zizkieten Katu Baltz Eguneko antolatzaileei eta Karkabia taldekoei. Ostean, hamaiketakoa emon zuten, eta jendetxoa batu zen bertara.
Kalejiran Karkabiakoek aurkezpena egin zuten. Tartalo pertsonaia Karkabiako pailazoagaz batu zen, eta pailazoak Tartalori kultur elkartean egiten dituzten gauzak azaldu zizkion. Plazan akrobaziak eta malabareak egiten ibili ziren, eta aisialdi taldea be aurkeztu zuten. Ostean, umeek jolas guztiak probatzeko aukera eduki zuten.
Joaldunak egon ziren gero, eta eurek egindako kalejiragaz amaitu zen goiza.
Gauean, erromeria jendetsua
17:00etan hasi zen Katu Baltz jaiaren arratsaldea. Ipuin kontalariak egon ziren Barandiaran aretoan; «txiki» geratu zen aretoa. Ostean, txokolatada egon zen.
Iluntzean kalejira hasi zen, eta Etorkizuna Dantza Taldekoek eta Deustuko Goierri taldekoek ikuskizunak eskaini zituzten. Jende asko batu zen kalejiran. «Giro itzela» segon zela esan dute herritarrek. Gero, suzko zezena eta su artifizialak egon ziren plazan.
Eguna amaitzeko, erromeria egon zen Eskolapean. «Bete-bete» egin zen ingurua. Ia ordubete gehiago jo zuen taldeak, eta bai ikusleak eta bai taldekideak «poz-pozik» ibili ziren.
Aliprox denda saritua
Aurtengo erakusleiho sariketa Maria Diaz de Haro kalean dagoen Aliprox dendak irabazi du. Orain dela hiru urte be komertzio berak eroan zuen saria.
Egindako behar onaren truke, eskulan tailerrak egindako kristalezko plater bat jaso zuten. Horretaz gain, Egaña jatetxean lagun birentzako afaria be irabazi dute.
Aurten, bost koadrila ibili dira erakusleihoak baloratzen. 42 saltokik apaindu dituzte euren erakusleihoak, eta horiek guztiak hartu dituzte kontuan.
Antolatzaileen eskerrak
«Poz-pozik» daude zapatuko egunagaz antolatzaileak. «Ikusten da jendeari be asko gustatzen zaiola eguna, nahiz eta batzuk oraindino ez duten esanahia ondo ulertu», diote. «Euskal mitologiari lotutako eguna da, eta ez Hallowing eta antzekoei». Danen artean egun eder hori lortzeagatik eskerrak emon nahi izan dizkiete laguntzaile eta parte-hartzaileei.