Jose Carlos Romero, argazkilaria
Jose Carlos Romero argazkilari ondarrutarrak Argizaiola Sariaren akzesita lortu du.
Oraintsu eman diote Argizaiola Sarietako akzesita argazkilari ondarrutarrari. Euskal Herriko Argazkilaritza Elkarteen Federazioak antolatzen duen sari entzutetsuaz gain, azken bost urtean 30 saritik gora lortu du argazkilaritza artistikoan Foto Antonioko jabeak. Hona hemen beragaz egindako elkarrizketaren aurrerapena. Bihar, paperezko Hitzan irakurri ahal izango da osorik.
Autodidakta zara?
Nire kontura ikasi izan dut, baina gero ikastaroak ere egin nituen. Hemen beti gaude ikasten. Gero, hemen ibili eta ibili, oinarri bat badaukazu, gero zeure logika ipintzea da. Intuizioa eta ikusten jakitea, hori da kontua. Zer edo zerk esaten dizu hor argazki bat dagoela. Argazkia buruan hasten da, eta atzamarrean amaitu. Askok esaten dute «sekulako kamara daukat», baina nik esaten diet horrek ez duela argazkia egiten; edukiko duzu patanegra bat, kristoren makina, baina berak bakarrik ez ditu argazki onak egingo.
Guardasol bat ikusten dut argazki saritu batean, beste batean katua eskaileran… Ez da gauza handirik behar argazki on bat ateratzeko, ezta?
Ez. Sinpletasuna da onena. Eta argazkia ikusten jakin. Berez, argazkia edonon ikusi dezakezu. Begiratzen jakin behar, ikusteko.