Saharako harea, hiru harrien artean
Azaroaren 19an eta 20an egingo da aurten Hiru Harri ikuskizuna; aurten, Sahara edukiko du ardatz zortzigarrenez antolatzen duten arte ikuskizunak.
Artea, musika eta kulturaren fusioa harri artera dator barriro Hiru Harri ikuskizunagaz. Markina-Xemeingo Arretxinagako baselizan dauden hiru harri erraldoien inguruan, Sahara hartuko dute aurten ardatz ikus-entzunezko ikuskizuna egiteko.
Azaroaren 19an, barikua, eta 20an, zapatua, egingo dira Hiru Harri ikus-entzunezko emanaldiak. 22:30ean hasiko dira biak.
Brahim abeslari sahararra
Luxuzko bisita izango du aurten Arretxinagak: Aziza Brahim abeslari sahararra.
Aziza Brahim Tindufetik gertu dauden sahararren errefuxiatuen kanpamenduetan jaio zen, eta gaur egun, musika sahararraren adierazlerik garrantzitsuenetakoa da.
2007an Gulili Mankoo izeneko bere musika egitasmoari forma emon eta lehenengo bakarkako beharra argitaratu zuen, Mi canto. 2008an Europan eta Afrikan ibili zen eta hainbat kolaborazio egin zituen munduko beste musikari batzuekin, besteak beste, Oreka Tx taldeagaz. 2009an Richard Chandlerrek sortutako Freedom to Create Prize sariko finalista izan zen.
Aziza Brahimegaz batera bere ahizpa, Badra Abdallahe, abeslari eta dantzaria egongo da bertan. Bestetik, Gozalo Ordaz ariko da gitarra elektrikoagaz, Sergio Garcia perkusioagaz, Marcos Cachaldora gitarra elektrikoagaz eta akustikoagaz eta Ricardo Majo bateriagaz.
Bestalde, aurten Markina-Xemeingo Abarka antzerki taldeak be parte hartuko du Hiru Harrin.
Saharako irudiak harri artean
Doinuak irudiz lagunduta entzun ahal izango dira Arretxinagan. Izan be, baselizako harri handietan Saharan ataratako argazkiak proiektatuko dira.
Saharan egon ziren aurtengo udabarrian Markina-Xemeingo Agusnat elkartekoak TEBAL elkarteagaz batera dokumental bat grabatzen. TEBAL Bilboko elkarte bat da, eta Saharan ortuak jartzeko helburuagaz ari da beharrean.
Hiru Harri Agusnat elkarteak antolatzen du, eta laguntzaile, Udala, Foru Aldundia, Erakus, Garamen, Ansotegi Hotela, Parques y jardines Abadiano, Tebal, Foto Markina eta Atfal ditu.