Berrien barri emoten
LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZA-ren alde sortutako lana aurkeztuko du Markina-Xemeingo Abarka antzerki taldeak asteburuan Ondarroako Kafe Antzokian eta Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan.
Azken ukituak emanda daude. Antzezleak bakoitzak berea barneratua dauka. Azken entsegua pasa da, eta hurrengo aldiz oholtza gainean batzen direnean, 13 Barri lanari jendaurrean bizia emateko izango da.
Eguazten gauean izan zuten azken entsegua Markina-Xemeingo Abarka antzerki taldeko kideek. Barikuan, 22:00etan, Kafe Antzokian eta Mutrikun, 22:30ean, Miruaitz pilotalekuan erakutsiko dute 13 Barri lana. Lan berezia eurentzat, inondik ere. Izan be, hasi eta amaitu eurek osatutako lana da.
Oinarrian, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-ren aldeko alegatua egiten dute. 13 lagun oholtza gainean, 13 herri eta 13 kontu kontatzeko. Horretarako, umoreaz baliatu dira, eta hainbat esketx plazaratuko dituzte. «Jendeak ondo pasatzen du, eta orain arte ikusi dutenek errepikatu ere egin izan dute».