Desobedientzia fiskalagaz aurrera egitea erabaki dute
Desobedientzia fiskala egiten dutenei hamar egunean zorrak ordaintzeko ultimatum gutuna bidali die Ur Partzuergoak, bestela ura moztuko zaiela esanez.
Atzo, astelehena, egindako asanbladan Udal Kudeaketa Batzordearekiko desobedientzia zibilagaz aurrera egitea erabaki zuten hainbat herritarrek. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren gutuna jaso dute egunotan Ondarroan desobedientzia fiskala egiten dutenek. Hamar egunetan zor dutena ordaindu ezean ura moztuko zaiela esan zaie bertan. Mehatxu horri “momentuz” jaramonik ez egitea erabaki dute, eta Eskubiderik ez, betebeharrik ez kanpainagaz aurrera jarraitzea.
2005etik datorren gaia
2005eko urtarrilaren 1ean abiatu zuten Ondarroako hainbat herritarrek Udalarekiko desobedientzia fiskal kanpaina, Eskubiderik ez, betebeharrik ez leloagaz.
Modu horretan «apartheid egoeraren salaketa praktikoa» egiteko deia zabaldu zuen ezker abertzaleak. Horren jatorrian 2003ko udal hauteskundeetan gertatutakoa zegoen: Espainiako Alderdiaren Legea indarrean ezarri eta hainbat udal hautes zerrenda legez kanpokotzat jo zituzten. Tartean zegoen Ondarroako Herriarentzat hautes zerrenda. Botoen arabera zegozkion zinegotziak aulki eta erabakimen barik geratu ziren Udalean. Hortik aurrera hasi zen ezker abertzalea «boto emaileen eta hautetsien eskubide urraketa» apartheid politiko legez definitzen.
Hainbat eratan salatu zuten egoera, udalen barruan zein kaleetan. Ondarroan, mobilizazioez gain, desobedientzia fiskalaren bidea hasi zuten, «udalean ordezkaritza demokratikorako eskubidea urratuta egonik, herritar modura dauden betebeharrei be uko egiteko» deia eginez. 200dik gora herritar hasi ziren udal zergak eta tasak ez ordaintzen.
Gesmunpal eta Partzuergoa
2008-2009 artean, Ondarroako Udal Kudeaketa Batzordeak pilatutako zorra kobratzeko enpresa espezializatu bat kontratatzeko asmoa agertu zuen. Horretarako Gesmunpal kobraketa enpresagaz ipini ziren harremanetan. Azkenean, baina, kobraketa modu horrek ez zuen egin aurrera.
Izan be, ezker abertzaleko hautetsiek batzar batean azaldu zieten Gesmunpal enpresakoei «Ondarroakoa ez zela zorpetze arrunta, arazo politiko bategaz lotutako desobedientzia kanpaina bat baino». Orduan, Gesmunpal ez zen sartu Ondarroako kobraketa egitera.
2009an, azkenik, zor ziren tasa eta zergen auzia Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun Sailaren esku utzi zuen Udal Kudeaketa Batzordeak.
2010eko urtarrilaren 1etik, uren kudeaketa osoa (edateko ura eta estolderia), eta zabor bilketa zerbitzuaren fakturazioa eta kobraketa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren esku geratu zen, Ondarroako Udal Kudeaketa Batzordeagaz egindako hitzarmen baten bidez.
Orain, Partzuergoa izan da desobedientzia fiskala egin dutenei gutuna bidali diena. Hamar eguneko epea eman die bertan zor dituzten tasak ordaintzeko, bestela ura moztuko zaiela esanez.