Harbide pasealekua itxi egin dute
Harbide pasealekua zarratu egin dute pasa den martitzeneko itsas ekaitzak eragindako kalteengatik
Arrigorri eta Saturraran arteko pasealekua itxita geratu da ibilbidearen erdian bertako mendi hegalean gertatu diren lur jausiengatik, honen ondorioz bidea eta itsasoaren artean dagoen babeserako baranda zati bat ere jausi egin da eta beste zati batzuk lekutik atera dira. Horregatik, eta dagokion txostena egin duen udal teknikariaren gomendioak jarraituz, Ondarroako Udal Kudeaketa Taldeak pasealekua ixtea erabaki zuen eguen arratsaldean. Ordura arte zabalik egon zen. Hemen ageri den argazkia, esate baterako, eguen goizekoa da.
Harbideren egoeraren berri eman dio Udalak, halaber, Estatuko Ingurumen, Landa eta Itsas Ingurune Ministerioko Euskal Autonomi Erkidegoko Kosta Zuzendaritzari. Hauei egoera aztertu eta ahalik eta denbora laburrenean bidea konpontzeko dagozkion tramiteak egin ditzaten igorri zaie informazio guztia.