Bekobentako Guraso Elkarteak Bizkaia Kirolak Saria lortu du
Markina-Xemeingo Eskola Publikoko Guraso Elkarteak Bizkaia Kirolak Saria lortu du
Markina-Xemeingo Eskola Publikoko Guraso Elkarteak Bizkaia Kirolak Saria lortu du. Denboraldi honetan parte-hartzea areagotu izana, nesken parte-hartzearen ehunekoari eutsi izana, eta kirol aniztasunaren alde egindako apustua aitortu diote. Era desinteresatuan egiten duten behar horren saria jaso zuten Eskolarteko Guraso Elkarteko ordezkariak, joan den astean, Bilboko Foru jauregian egon zen sari banaketan. «Sari hau egiten dugun beharraren errekonozimendu bat da. Nork edo nork ikusi du egiten dugun ahalegina», azaldu du Agurtzane Laka Eskolarteko Guraso Elkarteko ordezkariak. Egiten duten lanaren erakusle dira, esate baterako, aurten sortu dituzten saskibaloi eta futbol taldeak. Azken lau urteetan, Bera Kurutz Ikastolako eta Etxebarriako eskolako Guraso Elkarteekin batera dabiltza. Halan, gaur egun, guztien artean sortutako Eskolarteko Guraso Elkarteak darama horren ardura. Guztiek, helburu bera dute: herri mailan kirola egitea sustatu eta ume eta gazteen artean zaletasuna zabaltzea. 350 ume dabiltza eskolaz kanpoko ekimenetan.