Unanue Kamara Koralak bere 20. urtemuga ospatuko du
Zapatuan, 20:00etan, Andra Mari elizan kontzertu berezia eskainiko dute Musika maite dute. Koralistak dira. Baina, ez bakarrik hori; emakumeak dira, ondarrutarrak, eta «barrikuntzetarako beti prest» daude, eta koral mailan etenbako formakuntzan daude. Unanue Kamara Korala osotzen dute, eta ospakizunekin datoz. Izan be, ikasturte honetan 20 urte betetzen ditu Unanuek, eta kontzertu berezi bategaz nahi dute herritarrekin batera ospatu. Errepertorio osoa, euskalduna Zapatu honetako kontzertuari Hitza doinuz dantzan izenburua ipini diote. «Kanta guztietan daude melodia eta hitza, eta oraingo honetan hitzetan nahi izan dugu erreparatu. Normalean kantuetan idazleak bigarren planoan geratzen dira, eta oraingoan buelta emon nahi izan diogu», azaldu du Estibalitz Arrizabalaga zuzendariak. Bestetik, zapaturako errepertorioa goitik behera euskalduna izatea nahi izan dute Unanue Kamara Koralekoek: idazleak eta musikariak, denak euskaldunak. Tartean, Ondarroako egileen hitzak eta musikak be badaude. Esate baterako, Leire Bilbaok idatzi eta Jabier Ituartek konposatutako Izarrak ortuan, bossa-nova aireko pieza eskainiko dute. Beste bat, Soinua koloretan, Joxemari Urteagak idatzitako hitzekin moldatu du Junkal Guerrero donostiarrak. Guztira bederatzi pieza eskainiko dituzte zapatuan, guztiak a capella, Izarrak ortuan izan ezik. «Kontzertuaren amaieran ezustekoa ere egongo da», esan dute. 20 urteak ospatzerakoan, koraleko kide den eta preso dagoen Urtza Alkorta be gogoan eduki dute. «Berak diseinatutako partitura moduko oihalak jantziko [...]
Zapatuan, 20:00etan, Andra Mari elizan kontzertu berezia eskainiko dute
Musika maite dute. Koralistak dira. Baina, ez bakarrik hori; emakumeak dira, ondarrutarrak, eta «barrikuntzetarako beti prest» daude, eta koral mailan etenbako formakuntzan daude. Unanue Kamara Korala osotzen dute, eta ospakizunekin datoz. Izan be, ikasturte honetan 20 urte betetzen ditu Unanuek, eta kontzertu berezi bategaz nahi dute herritarrekin batera ospatu.
Errepertorio osoa, euskalduna
Zapatu honetako kontzertuari Hitza doinuz dantzan izenburua ipini diote. «Kanta guztietan daude melodia eta hitza, eta oraingo honetan hitzetan nahi izan dugu erreparatu. Normalean kantuetan idazleak bigarren planoan geratzen dira, eta oraingoan buelta emon nahi izan diogu», azaldu du Estibalitz Arrizabalaga zuzendariak.
Bestetik, zapaturako errepertorioa goitik behera euskalduna izatea nahi izan dute Unanue Kamara Koralekoek: idazleak eta musikariak, denak euskaldunak. Tartean, Ondarroako egileen hitzak eta musikak be badaude. Esate baterako, Leire Bilbaok idatzi eta Jabier Ituartek konposatutako Izarrak ortuan, bossa-nova aireko pieza eskainiko dute. Beste bat, Soinua koloretan, Joxemari Urteagak idatzitako hitzekin moldatu du Junkal Guerrero donostiarrak.
Guztira bederatzi pieza eskainiko dituzte zapatuan, guztiak a capella, Izarrak ortuan izan ezik. «Kontzertuaren amaieran ezustekoa ere egongo da», esan dute.
20 urteak ospatzerakoan, koraleko kide den eta preso dagoen Urtza Alkorta be gogoan eduki dute. «Berak diseinatutako partitura moduko oihalak jantziko ditugu, gerrian, saman… Eskuorrietarako eta karteletarako erabili ditugun marrazkiak be berak eginak dira. Bera, urrun egon arren, geugaz dago Unanuen».
«Hau zuzendaria beti pauso bat aurrerago doa, eta gu, atzetik», dio barrez Yolanda Loirak, Arrizabalagari begira. «Oso onak dira denak, eta beti daude prest barrikuntzarako», erantzun du zuzendariak. Taldeko kide guztien artean dagoen «kimika berezia» aitatu dute biek. Gehienak ume-umetatik daude koruen munduan sartuta, eta guztiek dakite musika irakurtzen; «hori abantaila handia da».
Orain dela 20 urte, aurreko abesbatz bat desegin ostean «jarraitu eta barritu nahiak» batu zituen. Eta «pozik» jarraitzen dute. Euretako sei dira hasieratik daudenak. Emakumeak dira guztiak eta «erronkak maite» dituzte. Beste 20 urtez be kantuei zuku barriak ataratzeko prest daude.