‘Hartu Berbi’ kanpaina ipini du abantean ezker abertzaleak
«Azken udal agintaldiko bazterketa politikoa eten» nahi dute, herriko 1.000 herritarregaz batuta. 2011ko udal hauteskundeetara begira «herritarrekin batera» landuko du bere programa Ondarroako ezker abertzaleak. Hartu Berbi (hartu2 ) izena emon dio...
«Azken udal agintaldiko bazterketa politikoa eten» nahi dute, herriko 1.000 herritarregaz batuta.
2011ko udal hauteskundeetara begira «herritarrekin batera» landuko du bere programa Ondarroako ezker abertzaleak. Hartu Berbi (hartu2 ) izena emon diote herri programa lantzeko diseinatu duten kanpainari. Pasa den astean egin zuten kanpainaren aurkezpena, eta bide batez bideo bat grabatu dute bere barri emoteko Internet bidez.
Kultura, kirola, emakumea, gazteria, hirugarren adina, hezkuntza, euskara, hirigintza, demokrazia parte-hartzailea, ingurumena, sozioekonomia, immigrazioa, ongizatea, auzoak eta denbora librea izan dira aintzat hartu dituzten lan arloak, eta horiekin zerikusia daukaten 1.000 ondarrutarregaz egongo dira otsailera arteko lehenengo fasean.
Ondoren, jasotako ekarpenen eztabaida egingo dute mintegi edo jardunaldien bitartez. Hortik aurrera, jasotako ideien sintesia eginda osotuko dute behin betiko herri programa udal hauteskundeetarako.
«Bazterketa eten eta Udaleko funtzionamendua irauli»
2003an abiatutako «oposiziorik bako udal agintaldiak» baloratzeko orduan, ordutik hona «herritarrekiko hurbiltasun falta gero eta larriagoa» izan dela esan dute ezker abertzaleko kideek. «Batik bat 2007-2011 agintaldian gutxiengoa benetako gehiengoaren gainetik inposatu dute, Udaleko erabakiguneak Ondarroatik kanpo kokatuz, gainera», salatu dute.
«Bazterketa politikoa eten eta Udaleko funtzionamendua irauli» nahi du ezker abertzaleak, «herritarren eta Udalaren arteko hareman naturalak berreskuratuz»