Ziortza-Bolibarri buelta, laugarrenez
Desanexioaren seigarren urteurrena dela eta, Ziortza-Bolibarreko Aranbaltz Elkarteak mendi irteera antolatu domekarako; izena emateko aukera zabalik dago oraindik ere.
Desanexioako laugarren mendi irteera antolatu du Aranbaltz Elkarteak. Urtero bezala, asmoa herriari buelta ematea den arren, ibilbide berria proposatu dute.
Parte hartu nahi dutenek oraindik ere badute aukera, aranbaltz.ke@hotmail.com-era idatzita edo 627858884ra deituta. Bi ibilibide daude aukeran: luzeak 28 kilometro ditu, motzak, berriz, 10. Luzea egingo dutenek 08:00etan gosaldu eta 08:30ean, Ziortza-Bolibarren, ekingo diote. Ondoko puntuak pasako dituzte: Munarrixa, Axpe, Astarlo, Muniozguren, Oizko aterpea, Oizko tontorra (1029 metro), Oizko ermita, Kortaguren, Ziortza, Gontzugarai, Gerrike, Ziarregi, Zeinke, Zabale, Olatxu, Karakate eta Ziortza-Bolibar. Ibilbide motzekjoak Kortaguren parean lotuko dute bidea. Hortik aurrera bide bera osatuko dute.Bi hornidura puntu daude: Oizko aterpean eta Ziarrei Elkartean. Herrira heltzean ere beste bat egongo da, eta parte-hartzialeek txanoa eta lepokoa ere lortuko dituzte.
Inoiz baino jende gehiago
Iazko kopurua gaindituta, momentura arte 472 mendizalek eman dute izena.
Gainontzeko mendi irteeretan jende ak behera egin duen arren, Ziortza-Bolibarrera doazenak, gero eta gehiago dira. Lea-Artibaitik eta Mutrikutik jendea espero dute; eta orokorrean, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako hainbat txokotatik dator jendea.
Ibili ondoren, jaia
Irteera antolatzeaz gain, ahalik eta herritar gehien biltzeko bazkaria ere izango da domekan. Kanpotik etorriek ere bazkaritarako aukera dute, beti ere, aldez aurretik izena emanez gero.
Frontoian batzen dira bazkaritarako. «Berogailua jartzen dugu eta gustura egoten da». Bazkal ostean, L2tan karaokea egongo da: euskal abestiak zein abesti euskaratuak abestu eta ondo pasatzeko aukera bikaina.