Mendizale markinar bi eta etxebarritar bat erreskatatu dituzte edur jauzi batek harrapatu ondoren Anboton
“Susto handia pasatuta baina onik” daude pasa den zapatu arratsaldean Anbotoko ekialdeko magalean edur jauzi batek harrapatutako hiru mendizaleak. Markina-Xemeingo X.A. eta G. Z., 32 eta 30 urtekoak, eta Etxebarriko J. H. 20 urtekoa hirurak ere mendizale federatuak dira. “Ohituta gaude edurretan ibiltzen, Pirinioetan ere asko ibiltzen gara. Hemen edurra egin eran, pentsatu genuen berton egitea igoeratxoa. Konfiantza lar hartu genuen, antza”, esan du X. A.-k. Hanka bietan esginze gogorrak ditu X.A.-k eta igeltsatuta dauzka biak; G.Z. ere igeltsatuta dago, eta belauna ere minduta dauka; J.H.-k barriz, atzamar batean dauka esginzea, eta kolpe asko dauzka gorputz guztian. Hirurak daude, dena den, “onik eta pozik, izan ahal zena pentsatuta, ezer ere ez delako izan”. Kanal batean gora Pasa den zapatuan goizeko 8etan irten zuten Arrazolatik Anbotorantz hiru mendizaleek. “Bide normaletik irten genuen; arista nahi genuen egin, baina ikusi genuen txarto zegoela bidea. Alternatiba bat bilatu genuen, kanal batean gora. Belaunak arteko edurra zegoen”, kontatu du X.A.-k. Hirurak kanalean sartzerakoan edurrak goitik behera egin zuen. Edur jausiak harritzan behera eroan zituen hirurak arrastaka; bi 300 metro amildu ziren, eta gazteena 500 metro. “Eskerrak ez zegoela edurtza handi-handirik, eta denbora guztian burua kanpoan egon ginen, bilin-boloka baina kanpoan”. Istripua 11:30ean jazo zen. 12ak [...]
“Susto handia pasatuta baina onik” daude pasa den zapatu arratsaldean Anbotoko ekialdeko magalean edur jauzi batek harrapatutako hiru mendizaleak. Markina-Xemeingo X.A. eta G. Z., 32 eta 30 urtekoak, eta Etxebarriko J. H. 20 urtekoa hirurak ere mendizale federatuak dira. “Ohituta gaude edurretan ibiltzen, Pirinioetan ere asko ibiltzen gara. Hemen edurra egin eran, pentsatu genuen berton egitea igoeratxoa. Konfiantza lar hartu genuen, antza”, esan du X. A.-k.
Hanka bietan esginze gogorrak ditu X.A.-k eta igeltsatuta dauzka biak; G.Z. ere igeltsatuta dago, eta belauna ere minduta dauka; J.H.-k barriz, atzamar batean dauka esginzea, eta kolpe asko dauzka gorputz guztian. Hirurak daude, dena den, “onik eta pozik, izan ahal zena pentsatuta, ezer ere ez delako izan”.
Kanal batean gora
Pasa den zapatuan goizeko 8etan irten zuten Arrazolatik Anbotorantz hiru mendizaleek. “Bide normaletik irten genuen; arista nahi genuen egin, baina ikusi genuen txarto zegoela bidea. Alternatiba bat bilatu genuen, kanal batean gora. Belaunak arteko edurra zegoen”, kontatu du X.A.-k. Hirurak kanalean sartzerakoan edurrak goitik behera egin zuen. Edur jausiak harritzan behera eroan zituen hirurak arrastaka; bi 300 metro amildu ziren, eta gazteena 500 metro. “Eskerrak ez zegoela edurtza handi-handirik, eta denbora guztian burua kanpoan egon ginen, bilin-boloka baina kanpoan”.
Istripua 11:30ean jazo zen. 12ak aldera lortu zuten hirurak alkartzea. “Ikusi genuen ahal genuela ibili, ondo geundela minduta egon arren, baina ezin genuen jaitsiera geure kontura egitera arriskatu, ez geneukan horretarako nahiko sokarik eta ekiporik. 112ra deitu genuen”, esan dute.
Hasieran helikoptero bidez hasi ziren erreskatean. “Guk ez geneukan GPS-rik eta hasieran ez gintuzten ikusten; gero, ikusi bai, baina haizeagatik ez ziren ausartu helikopteroa hurreratzen. Lurreko erreskatea bialdu zuten gero”.
Erreskateko taldea 15:30 alera ailegatu zen eurak zeuden parajera. Ordurako hotzak hartuta zeuden, guanteak galduta, bustita eta gerizpetan. Rapela eginez jaitsi ziren lehen zatian, eta gero oinez Arrazolara. 17:30ean iritsi ziren bertara. Anbulantzietan eroan zituzten, badaezpadako miaketa egitera ospitalera. 22:00ak arte egon ziren han.