Kutxekin hitzarmena egin da, herritarrekin euskaraz aritzeko
Aurrerantzean Kutxak eta Euskadiko Kutxak Mutrikuko Udalarekin eta mutrikuarrekin euren hartu-emanak euskaraz edukiko dituzte. Horrela jaso dute onartu berri duten hitzarmenean. Udalak sustatu du hitzarmen hori egitea, Udalerri Euskaldunen Mankomunitat...
Aurrerantzean Kutxak eta Euskadiko Kutxak Mutrikuko Udalarekin eta mutrikuarrekin euren hartu-emanak euskaraz edukiko dituzte. Horrela jaso dute onartu berri duten hitzarmenean. Udalak sustatu du hitzarmen hori egitea, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) bultzatuta. Azaroko Udal Osoko Bilkuran eman zitzaion onarpena hitzarmen hori sinatzeari. Onarpena udal ordezkari guztiek eman zuten aho batez.
Abenduaren 18an izango da Uemaren hurrengo batzar orokorra, Deban, eta bertan gauzatuko da hitzarmen horren sinatzea. Mutrikuko Udalak Joseba Burgaña euskara zinegotzia (EA) izendatu du sinatze hori egin dezan.
«Hitzarmen hau garrantzitsua da; izan ere Udalarekiko harremanez gain, Mutrikun dituzten herritar bezero guztiekin euren harremana euskaraz egingo dutela bi entitate horiek hitzematen da», esan zuen alkate Josebe Astigarragak akordioaren berri ematerakoan.