Beharrari hutsik ez, ezta jaiari be
Txahal jana izan dute asteburuan Anmoroton. Eguna prestatzeko herritar askok behar ugari egin behar duen arren, ez diote horri begiratzen; emaitza ikusita egindakoak merezi duela diote urteak joan eta urteak etorri.
Jende askoren beharra da beharreazko, nahi eta nahi ez tamaina hartako jaia antolatzeko. Beharragaz bakarrik, ordea, ez da lortzen Amoroton lortzen dutena. Osagai bat gehiago ere jartzen diote: bihotza.
Errezeta horrekin frontoian egosten dena ezin bestelakoa izan: primerakoa. Eguerditik iluntzera, Gabonetako betiko jakiak dastatzeko aukera denentzat, borondatearen truke. «Generoa ederra», «Guztia dago oso ona», «Honek badakite zer egiten duten»… horrelakoa bakarrik aditzen ziren han eta hemen.
Frontoitik plazara bueltatxoa, lagunarteko bazkaria eta berriketaldia, eta iluntzerako berriro guztiak elkarregaz egunari izenaematen dion txahala probatzeko irrikitan.
Adelitagaz aseta
246 kiloko Adelita izeneko txahala 05:00etatik biraka zebilen su gainean. Iluntzerako prest egoteko hala behar zuen egon, gainera. Eta hura zaintzen herrian ezagun den kamiseta berdedun kuadrila.
Mahaietan jarrita 450 lagun. Lehenengo sopa, gero txahala, postrea eta kafea. Jarrita zeuden guztiak gora arte beteta gelditzeko moduan jan zuten; haragia xamur-xamurra atera zen. Ondo baino hobeto erreta zegoen eta esku adituek ebakita.
Mahaian jarrita zeudenak jatetxe askotan baino arinago zerbitzatuak izan ziren, gainera. Lan talde zailduak, jesarri gabe, batera eta bestera denak gustura eduki zituzten.
Eta egun ederrari amaiera ederragoa emateko bertsoak, rantxerak, trikitia… dantza eta jai giroa gorputzak lagundu arte. Ai, ai ai Amoroto… gazteriak ez ezik, adin denetakoek maiteko ez dute ba herria? Hangoa ezagutuz gero behintzat, ezin bestelakorik esan.