Mandiola, Bereziartua eta Barinagaren berbak izan dira xelebreenak
Bi esaera eta berba bat saritu ditu aurten Berba eta esaera xelebreen IV. Lehiaketako epaimahaiak
Maite Mandiola, Mikel Barinaga eta Antton Bereziartua izan dira aurtengo Berba eta Esaera Xelebreen IV. Lehiaketako irabazleak. Danetara, 68 esakera eta 102 berba jaso dituzte antolatzaileek.
Baserri giroko tresna edo elementuei erreferentzia egin arren gaurkotasun eta erabilgarritasun handia duelako aukeratu dute epaimahaikoek Maite Mandiolaren Beti azkenengo narra esamoldea. «Beti berandu heltzen direnei esaten zaie», azaldu dute. Mikel Barinagaren esaera be gaurkotasun handikoa izan da. Hi Pentium, sartik hori disko durun! esaldia aurkeztu zuen barinagak lehiaketara. «Modernoa, baina barria, freskoa eta xelebrea» dela esan dute epaimahaikoek. «Gaurko estiloan, gaurko esakera eta gaur sortua, ia bihar be irauten duen», gaineratu dute.
Azkenik, Antton Bereziartuaren Txerpetxinue berba gustatu zaie. «Berba bihurri eta adierazkorra da, gainera, gaizto edo txar berben aldean esanahi leunagoa eta jostagarriagoa dauka», zehaztu dute epaimahaikoek.