Desjabetza prozesua hasiko du Udalak espaloi bat osatzeko
Saihesbidearen ibilbidea eta Lekeitio bitarteko espaloia osatzeko falta den zatia desjabetzeko urgentziazko prozedura onartu du Lekeitioko Udalak
Saihesbidearen ibilbidea eta Lekeitio bitarteko espaloia osatzeko falta den zatia desjabetzeko urgentziazko prozedura onartu du Lekeitioko Udalak azken Bilkuran. «Lanaren amaiera gehiago atzeratu ez eta Lekeitioko bizilagunek maiz erabiltzen duten ibilbide horretako espaloia osatu asmoz» erabaki dute desjabetze prozesuari hasiera ematea.
Udaletik azaldu dutenez, «ekainaz geroztik negoziaketetan ari den jabe batekin izan ezik», akordio batera iritsi dira gainontzeko jabe guztiekin.
Udalak desjabetze prozesua hasteari ez dio zentzurik aurkitzen lurjabeak. Udalagaz adostasunik lortu ez izanaren arrazoia estetikoa dela jakitera eman du eta arrazoi ekonomikorik ez dagoela azpimarratu du.
Bestalde, lanek bukatzeko epe bat izaten dutenez, orain, Udalak, beharrak amaitzeko urgentzia duela uste du lurjabeak eta desjabetzea eurentzako erarik errazena dela horretarako. «Horretara ez ginan ailegatuko urrian hasi barik berbetan beste jabeekin batera maiatzean hasi bagina», dio lurjabeak.