‘Hondarroa’ urtekaria kalean dago
Kalean dago jada Ondarroako urtekaria. Izana ez du aldatu, Ondarroako Historia Zaleak elkarteak egin baitu, azken hamar urteotan egin legez, baina bai izena: Hondarroa izango da aurrerantzean. «XVII. mendera arteko agirietan herriaren izena era bietara idatzita agertzen da, H-agaz askotan», azaldu dute OHZkoek. Baina, izen aldaketa horren zergatia azaltzerakoan, urtekariaren inguruan gertaturiko aldaketa baten barri emon du Historia Zaleen elkarteak: «Aurrerantzean urtekariaren lege gordailuaren jabetza OHZ elkartearena izango da, eta ez Udalarena, orain arteko moduan». Edukinetan, halan be, «betiko lan ildoekin eta betiko filosofiagaz» jarraituko dutela azaldu dute. «Ondarroa aldizkariaren zuzendaritza ez galtzearren» Urtekariaren sarreran bertan azaldu dituzte OHZko kideek produktu honen lege gordailua bereganatzeko eduki dituzten arrazoiak. 2001ean berreskuratu zuen elkarteak, aurretik Augustin Zubikarai idazle zenak hasitako bidea, Ondarroa urtekaria barriro argitaratuz. 2002an Udalagaz sinatu zuten hitzarmena, urtekariaren argitalpenerako diru laguntza lotzeko. 2005ean udal ordezkariek hitzarmena ez luzatzeko erabakia hartu zuten. «Harrez gero, aldizkariaren finantzazioa beti egon da kolokan», OHZkoek azaldu dutenez. 2007an inprenta eta maketazio gastuak Udalak ordaindu zituen, «baina 2008an Udalak faktura horiek itzuli egin zituen, 3.500 euroko diru galera eraginez aldizkariaren inguruan». Azkenik, iaz, 800 euroko diru laguntza jasotzeko, soberako aleak turismo bulegoan lagatzeko derrigortasuna eman zien Udalak. Urte horietan guztietan, halan be, Ondarroa urtekariaren jabea [...]
Kalean dago jada Ondarroako urtekaria. Izana ez du aldatu, Ondarroako Historia Zaleak elkarteak egin baitu, azken hamar urteotan egin legez, baina bai izena: Hondarroa izango da aurrerantzean. «XVII. mendera arteko agirietan herriaren izena era bietara idatzita agertzen da, H-agaz askotan», azaldu dute OHZkoek.
Baina, izen aldaketa horren zergatia azaltzerakoan, urtekariaren inguruan gertaturiko aldaketa baten barri emon du Historia Zaleen elkarteak: «Aurrerantzean urtekariaren lege gordailuaren jabetza OHZ elkartearena izango da, eta ez Udalarena, orain arteko moduan». Edukinetan, halan be, «betiko lan ildoekin eta betiko filosofiagaz» jarraituko dutela azaldu dute.
«Ondarroa aldizkariaren zuzendaritza ez galtzearren»
Urtekariaren sarreran bertan azaldu dituzte OHZko kideek produktu honen lege gordailua bereganatzeko eduki dituzten arrazoiak. 2001ean berreskuratu zuen elkarteak, aurretik Augustin Zubikarai idazle zenak hasitako bidea, Ondarroa urtekaria barriro argitaratuz. 2002an Udalagaz sinatu zuten hitzarmena, urtekariaren argitalpenerako diru laguntza lotzeko. 2005ean udal ordezkariek hitzarmena ez luzatzeko erabakia hartu zuten. «Harrez gero, aldizkariaren finantzazioa beti egon da kolokan», OHZkoek azaldu dutenez.
2007an inprenta eta maketazio gastuak Udalak ordaindu zituen, «baina 2008an Udalak faktura horiek itzuli egin zituen, 3.500 euroko diru galera eraginez aldizkariaren inguruan». Azkenik, iaz, 800 euroko diru laguntza jasotzeko, soberako aleak turismo bulegoan lagatzeko derrigortasuna eman zien Udalak. Urte horietan guztietan, halan be, Ondarroa urtekariaren jabea Udala bera izan da: lege gordailua Udalarena izan da, eta armarria ere azaldu izan da kontrazalean.
«Itxura denez, Ondarroa urtekariari babesa eskaintzea ez dago udal arduradunen lehentasunen artean, urtekariaren edukia fiskalizatu eta egitura aldatzeko aukerarik ez badaukate behintzat», diote aldizkariaren sarreran.
Horixe proposamena egin zion OHZri Udal Kudeaketa Batzordeko euskara arloko buru Gotzon Loberak, hain zuzen: «Ondarroa aldizkariaren erantzukizun eta zuzendaritza Kultura Arloaren bitartez bereganatzea». OHZk honela erantzun zion Udalari: «OHZ elkarteak ezin du onartu Ondarroa aldizkariaren zuzendaritza galtzerik, ezta beragaz doan erantzukizuna galtzerik». Ez dute bestelako erantzunik jaso Udalaren aldetik harrez gero.
Gauzak horrela, «egoerari buelta emotea» pentsatu du OHZ elkarteak: «Argi daukagu Ondarroari buruzko istorioak biltzen eta artikuluak argitaratzen jarraituko dugula. Baina hemendik aurrera, geu arduratuko gara urtekariaz, Udalaren laguntza barik». Eta, beraz, izena aldatu diote aldizkariari, H izkia gehituta, «txarto ulertuak ekiditeko».
Salgai, herriko sei lekutan
Urtekaria salgai dago, 10 euroan, Ondarroako honako tokietan: Turismo Bulegoa, Garoa, Idiakez, Irkaitz, Zurru Murru eta Urrosolo familiaren egunkari saltokia (lehengo Kafe Marina, orain Antiguako Ama kalean). 750 aleko tirada egin dute.
Gaiei erreparatuta, ohikoa den legez, orain dela 100 jaiotakoen zerrenda dakar urtekariak. Arrantza Herria sailean hainbat aztergai dakarte, tartean XVI-XVIII mende arteko bale-ehizako dokumentuak. Erretratu zaharren otzara be ez da falta; eta oraingo honetan, Ondarroako emakumeen ekarpenak euren herriari izeneko artikulua landu dute OHZko kide diren zortzi emakumek. 36ko gerra garaiaren inguruko bost artikulu be badaude. Valentin Zubiaurre margolaria zenari eta Corrado Masacci txotxongilo egileari be eskaini dizkiete bi idazlan, besteak beste.
Datu baseen sorrera, eta hamar urteko ibilbidearen bideoa
Hamar urteko ibilbidean herritarrengandik 2.000 argazki zahar inguru batu ditu Ondarroako Historia Zaleak elkarteak. Ehunka dira egindako ahots grabaketak eta elkarrizketak be. Azken sei hilabeteetan, jardun erdiko kontratuagaz, Naiara Arrizabalaga gazte ondarrutarrak jardun du hori material guztiori sailkatzen eta datu basean gordetzen. «Argazkiena ia amaituta dago, eta hurrengo pausoa ahots eta bideoen gordailua egitea izango litzateke», dio. Kontratua amaitu arren «bihotzak aginduta» jarraitu egingo du behar hori amaitu arte.
OHZ elkarteak bere hamar urteen bilduma moduko bideoa ere ipini du Interneten. Honako helbidean ikus daiteke: