Jon Andoni Aristik irabazi du 2010eko Ekoargazki Lehiaketako Bilduma Onenaren Saria
Ekoargazki Lehiaketako sariak banatu dituzte
Nahiz eta ahalegin handia eskatzen zuen, kalitate handiko argazkiak atera dituzte Ekozainek antolatutako argazki lehiaketan parte hartu dutenek. 30 lagunek eman zuten izena Ekozainek antolatutako lehiaketan parte hartzeko, baina oraingoan, Markina-Xemein gauez atera beharrak, ahalegin berezia eskatzen zuen, eta azkenean, hamazazpik aurkeztu zituzten lanak lehiaketara. «Egunsentiko eta ilunabarreko argazkiak atera eta gaueko giroa lortzea ez da erraza hala ere, kalitate handiko argazkiak aurkeztu dira», azaldu dute antolatzaileek.
Sari banaketa eta aurtengo urtea onenetarikoa izan dela azpimarratu dute antolatzaileek. «Argazkiak gauean ateratzea guretzako erronka bat izan da eta emaitza on-ona eman du», zehaztu dute.
Guztira, sei argazki atera behar zituzten parte hartzaileek: Ilunabarra, Egunsentia, Gauez lanean, Gaueko harremanak eta gai librean beste bi. Nagusien Bilduma Onenaren Saria Jon Andoni Aristirentzat izan da. Ilunabarreren saria, berriz, Jabier Etayok lortu du, Egunsentiarena Jesus Amasentzat izan da, Gaueko Harremanen saria Lidia Urizarbarrenari eman diote eta Jabier Sololuzeren Laneko argazkia saritu du epaimahaiak. Gai libreetan, ostera, Aitor del Pozo eta Idoia Leniz izan dira irabazleak.
Nagusiez gainera, gazteen mailako saridun bi be egon dira: Aitor Pagaldai eta June Arostegi.