Ainhoa Artetari omenaldia egin dio Ispastergo herriak
Ainhoa Artetari herriak egindako omenaldia. Hori zen hasiera baten sopranoari Gabonetarako eginiko proposamenaren helburua. «Bera herrian abesteko gertu agertu zen, beti. Guk berari eta berak guri eginiko omenaldia izan zela esan daiteke», aitatu dut...
Ainhoa Artetari herriak egindako omenaldia. Hori zen hasiera baten sopranoari Gabonetarako eginiko proposamenaren helburua. «Bera herrian abesteko gertu agertu zen, beti. Guk berari eta berak guri eginiko omenaldia izan zela esan daiteke», aitatu dute udal ordezkariek.
Emanaldiagaz batutako dirua Ainhoa Artetaren aitak jotzen duen herriko armonioa konpontzeko erabiliko dute, eta 2008tik Ispasterregaz anaituta dagoen Saharako Farsia herriari laguntzera ere bideratuko dute.
Kontzertuak arrakasta handia izan zuen jendearen artean. Elizan 370 lagun sartu ziren eta plazan, pantaila erraldoiaren bidez, 150 lagun inguruk jarraitu zuen emanaldia. «Emozio handikoa izan zen, eta Ainhoa Artetaren maila agerian gelditu zen barriro ere». Omenaldiaren muina herritarrek esker onez egindako opariek bete zuten: loreak eta bere izena eramango duen kalearen plaka eman zizkioten Artetari, baita Ogella irudikatzen duen koadro bat ere. Amaitu aurrean, aurreskua ere egin zioten, eta hori izan zen sopranoaren emozioari gainezka egitea eragin ziona, eta ezin izan zien malkoei eutsi. «Herriak kantatzen entzun nahi zuen bera eta hark herriaren berotasuna nabaritu zuen».
Artetaren mailako kantari baten inguruan sortzen den mugimenduaz jabetuta, udal ordezkariek ekitaldia zehatz mehatz antolatu zuten: elizara sartzeko arazorik ez egotetik hasi eta azken detaileraino zaindu zuten guztia, emaitza guztiz borobilduz.