Berriatuko zazpi ermitetara, oinez
Herriko zazpi ermitek markatzen dute urtarrilaren 8ko ibilaldia. Inguruak ezagutzera emotea eta inguruaz gozatzea da aurten laugarrenez antolatu den mendi irteeraren helburu nagusia. Ainhoa Bilbatua berriatuarraren ekimenez hasi ziren ermitei jarraituz...
Herriko zazpi ermitek markatzen dute urtarrilaren 8ko ibilaldia. Inguruak ezagutzera emotea eta inguruaz gozatzea da aurten laugarrenez antolatu den mendi irteeraren helburu nagusia.
Ainhoa Bilbatua berriatuarraren ekimenez hasi ziren ermitei jarraituz herriari buelta emoten dion ibilaldia prestatzen. «Udaletxera jo nuen proposamenagaz, eta baiezkoa emon zidaten», aitatu du Bilbatuak. « Herrikoek zein ingurukoek ondo erantzuten diote, eta 125 lagun izatera ailegatu ginen iaz».
Irteera herriko zazpi ermitetatik igarotzen da: plazan hasita, lehena San Juan ermita da; Madalenara igoko dira ondoren, eta Burgo ingurutik Santakutz izango da bisitatuko duten hurrengoa; Gardotzara jo eta Andra Mari ermitagaz topo egingo dute. «Horra ailegatu aurretik, desengida dagoen ermita baten inguruetatik be pasatuko gara, Santa Anatik». Asterrikako San Lorenzo ermitara egingo dute gero, eta handik Milloi gainera zuzenduta, San Antolingo ermita daukate. Plazakolakotik be pasako dira.
Herrian bertan, Beheko kaleko Aitxekutz izango dute azkena. «Udaletxe zaharra zegoen lekuan be egon zen beste bat, San Gregorio. Ermitetako irteera bideak ezagutzeko eta daukagun inguruaz jabetzeko buelta ezin hobea da». Ibilaldiak 23 kilometro inguru ditu: Gardotzan eta herrian jan-edaneko puntuak egongo dira. Irteera, 08:30ean, herriko plazatik izango da.