Arzallusek, Sotok, Estiballesek eta Lekuek bertsotan egingo dute sanantonetan
San Anton jaiak ospatuko dira Barinagan asteburuan
Hiru egunetan ospatuko dituzte San Anton jaiak Barinagan. Aurten be bertso jaialdia egongo da, oraingoan, Amets Arzallus, Julio Soto, Arkaitz Estiballes eta Etxaun Lekue bertsolariekin.
Urtero legez, kanpai hotsekin hasiko dituzte sanantonak barinagarrek. Zapatuan, 12:00etan joko dituzte kanpaiak jaiari hasiera emoteko. Halan, goizeko txikiteoagaz gainera, briska txapelketa izango dute baskalostean eta afari erromeria gauez.
Briska Txapelketa 16:30ean hasiko da, baina, aurretik izenak eman behar dira bikoteko hamar euro ordainduta. Lau sari izango dituzte garaileek: lehenengoarentzat 110 euro eta Plaza Anaiek emondako txapelak, bigarrenentzat 80 euro, hirugarrenentzat 60 euro eta laugarren bikotearentzat Santa MaƱeko gazta bi.
Gaueko afari erromerian be ez da girorik faltako. Musika jartzearen ardura, aurten Gardokik izango du eta bere doinuekin egingo dute dantzan afarira joaten direnek. Gaur izango da, gainera, izena emateko azken eguna. Horretarako Kontzeju Zaharrera joan behar da.
Joan etorria be ez da izango arazo afari erromerira joateko, antolatzaileek autobusa jarri dute-eta Markina-Xemeindik eta Etxebarriatik Barinagara ailegatzeko. Gainera, doan izango da.
Domekako 12:15etako meza ostea goxoa izango da umeentzako. Itsulapiko apurtzea izango dute, urteroko ohiturari jarraituta eta bertatik erortzen diren goxoak harrapatu ahalko dituzte. Ostean, berriz, Hau dok Hau txarangak eguerdiko poteoari hasiera emango dio.
Bertso jaialdia, berriz, 17:30ean hasiko da. Aurten be Jose Felix Zamakola abadea izango da lau bertsolariei gaiak jartzearen arduradun. Urtero lez, era askotako gaiak prestatuko ditu umorea be tartekatuz. Jaialdia, betiko legez, eleizan ospatuko da eta aurten be betetea espero dute antolatzaileek.
San Anton Eguna bera astelehena denez, jai giroan jarraituko dute Barinagan. 12:30ean meza edukiko dute eta 14:00etan, berriz, jubilatuen bazkaria egongo da Iturritxu Elkartean. Elkartekoak eurak izaten dira antolatzaile eta urtero jaki goxo-goxoak prestatzen dituzte herriko nagusientzako. Halantxerik izango da aurten be.