Jabekuntza Eskolaren bi ikastaro, abantean datorren astean
‘Irakurketa kritiko feminista’ eta ‘Emakumeak arte mugimenduetan’ landuko dira Ondarroako Udaleko Berdintasun Sailak Jabekuntza Eskolako beste bi ikastaro prestatu ditu, datorren astean abantean ipintzeko. Bien kasuan, azken egunak dira matriku...
‘Irakurketa kritiko feminista’ eta ‘Emakumeak arte mugimenduetan’ landuko dira
Ondarroako Udaleko Berdintasun Sailak Jabekuntza Eskolako beste bi ikastaro prestatu ditu, datorren astean abantean ipintzeko. Bien kasuan, azken egunak dira matrikula egiteko. Horretarako, Udal Bilketa Bulegoan bete behar da matrikula orria eta 5 euroko ordainketa egin.
Irakurketa kritiko feminista izango da ikastaroetako bat, Zaida Fernandez feminista eta soziologoaren eskutik, eta datorren martitzenean hasiko da. Hilean behin izango da, martitzenez, 18:00etatik 21:00etara Guzur Etxean.
Bertan, pentsamendu feministaren hainbat korronte eta ekarpen ezagutuko dira, eta horien gainean eztabaidatu. Horretarako, egile eta obra klasikoak baliatuko dituzte, «horiek izan baiziren feminista ekintzaileen abiapuntu».
Ikastaro teoriko-praktikoa
Beste ikastaroa galdera batetik abiatzen da: Zertan dabiltza emakumeak mugimendu artistikoetan? Bertan, arlo teorikoa eta praktikoa uztartuko dituzte. Ainhoa Güemesegaz XX. eta XXI. mendeetako estetika ezberdinetako emakume sortzaileen ibilbidea ezagutu ahal izango da. Eta 7emakume en movimiento emakume artegileen elkarteko kideekin, barriz, serigrafia tailerra egingo dute, «oihalean zein paperean ideia feministak islatuz». Ondarroako artegileak daude, gainera, elkarte horren baitan.
Bigarren ikastaro hau urtarrilaren 21ean eta 22an eskainiko dute, Kofradia Zaharrean. Barikuan 17:00etatik 21:00etarako ordutegia edukiko du, eta zapatuan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.