Urteko lehenengo mendi irteera, domekan
Lea-Artibai eta Mutrikuko mendi taldeen irteera egongo da domekan
Tertanga, Santiagomendi eta Untza mendien arteko ibilaldia egongo da datorren domekan. Bera izango da, bertoko mendi taldeek amankomunean antolatzen dituzten mendi irteeren lehenengoa.
Domekakoagaz hasiko dute aurtengo irteeren egitaraua Lekeitioko Lumentza, Mutrikuko Burumendi, Ondarroako Artibai, Markina-Xemeingo Artibai eta Debako Burdin Kurutz mendi taldeek. Horretaz gainera, beste hamabi irteera prestatu dituzte aurtengo urteari begira.
Abuztuan ezik, hilean behin egongo dute irteeraren bat. Halan, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako, Nafarroako, Burgosko eta Leoneko mendietan zehar ibiliko dira aurten.
Nerbioi ibaiaren iturburura
Bakoitzean talde bat antolatzen da mendi irteerak antolatzeaz eta lehenengoa Lekeitioko Lumentzari egokitu zaio.
Tertanga (340m), Santiagomendi (947m) eta Delika (320m) igoko dituzte eta tartean Nerbioi ibaiaren iturburutik pasatuko direla azaldu dute antolatzaileek.
Bost edo sei orduko ibilbidea izango da Lumentzakoek jakitera eman dutenez, gutxi gora-behera 18,48 kilometrokoa, eta ibilbidean ura hartzeko aukerarik ez dagoela zehaztu dute. Ibilbidea.
Izen ematea, ohiko lekuetan egin ahal da: Lekeitioko Amutxategi bitxidendan, Markina-Xemeingo Disney tintategian, Ondarroako Anaitasuna tabernan eta Mutrikuko Atxukale kirolak dendan.
Irteera 08:00etan izango da Markina-Xemeindik.
2011ko Mendi Irteera Amankomunatuak:
Urtarrilak 16. Tertanga-Santiagomendi-Untza.
Otsailak 20. Andrazarrate-Andatza-Zubieta (Sagardotegia).
Martxoak 6. Mutiloa-Aizkorri-Otzaurte.
Apirilak 10. Durango-Atxarte-Untzillaitz-Mañaria.
Maiatzak 22. Urkiaga-Adi-Urepel.
Ekainak 19. Ojo Guareña-Dulla-Puente Dey.
Uztailak 1, 2, 3. Riañoko mendiak-Mampodre.
Irailak 11. Opakua-Bitigarra-Maeztu.
Urriak 16. Ardanaz-Peña Izaga-Sabeles-Urbizain.
Azaroak 6. Itsasu-Arranomendi-Gorospil-Dantxarinea.
Abenduak 18. Markina-Xemeingo itzulia.