Anje Duhalderen kontzertua zuzenean grabatuko da
Zapatuan eskainiko du zuzeneko emanaldia Kafe Antzokian, 22:30ean, Ibilaldi Kulturalaren barruan. Sarrerak aurresalmentan 6 euroan daude, Zurrumurrun, Kafe Antzokian eta Ibilaldiko dendan. Txarteldegian 8 euroan egongo dira. ELKARRIZKETA Ahotsa hartuta, «erretzeari utzi izanagatik harrapatutako marrantarekin» ibili da egunotan Anje Duhalde (Arrangoitze, Lapurdi, 1950). Hala ere, gogotsu dago zapatuan Ondarroan eskainiko duen kontzerturako: «kontzertua egongo da, noski; ahotsa ez badaukat ongi, grabaketarekin ikusiko dugu zer egin». Izan ere, asmoa da kontzertu hori zuzenean grabatzea. 22:30an izango da, eta Ibilaldi Kulturalaren barruan programatu dute. Zer eskainiko duzu zapatuko kontzertuan? Azken hamar urteotan han eta hemen eskaini dudan errepertorioaren bilduma izango da. Oso kanta ezagunekin batera, zuzenean oso gutxitan abestutakoak ere eskainiko ditut. Helburua bilduma txiki bat egitea da. Izan ere, talde gazte bezain sendoarekin nabil, benetan gustura, eta horren seinalea utzi nahi dut, zuzenekoa grabatuta; gero diskoa bihurtuko den ala ez, hori ikusiko da, baina bederen grabazio hori egin nahi dut. Aurkeztuiguzu zure taldea? Etxetik hasita, Txomin semea dago baterian eta koroak egiten. Gitarran, bere Uztaritzeko lagun bat, Remy Gachis, oso aurrerakoia dena. Eta baxuan, Iñigo Telletxea, Berako musikari bikaina, Irazoki familiako beste perla bat. Eta teknikaria, Mikel Garcia. 1970ko hamarkadatik dabilen beteranoa, musikari gazteekin zelan moldatzen da? Oso modu naturalean. Poz-pozik [...]
Zapatuan eskainiko du zuzeneko emanaldia Kafe Antzokian, 22:30ean, Ibilaldi Kulturalaren barruan. Sarrerak aurresalmentan 6 euroan daude, Zurrumurrun, Kafe Antzokian eta Ibilaldiko dendan. Txarteldegian 8 euroan egongo dira.
ELKARRIZKETA
Ahotsa hartuta, «erretzeari utzi izanagatik harrapatutako marrantarekin» ibili da egunotan Anje Duhalde (Arrangoitze, Lapurdi, 1950). Hala ere, gogotsu dago zapatuan Ondarroan eskainiko duen kontzerturako: «kontzertua egongo da, noski; ahotsa ez badaukat ongi, grabaketarekin ikusiko dugu zer egin». Izan ere, asmoa da kontzertu hori zuzenean grabatzea. 22:30an izango da, eta Ibilaldi Kulturalaren barruan programatu dute.
Zer eskainiko duzu zapatuko kontzertuan?
Azken hamar urteotan han eta hemen eskaini dudan errepertorioaren bilduma izango da. Oso kanta ezagunekin batera, zuzenean oso gutxitan abestutakoak ere eskainiko ditut. Helburua bilduma txiki bat egitea da. Izan ere, talde gazte bezain sendoarekin nabil, benetan gustura, eta horren seinalea utzi nahi dut, zuzenekoa grabatuta; gero diskoa bihurtuko den ala ez, hori ikusiko da, baina bederen grabazio hori egin nahi dut.
Aurkeztuiguzu zure taldea?
Etxetik hasita, Txomin semea dago baterian eta koroak egiten. Gitarran, bere Uztaritzeko lagun bat, Remy Gachis, oso aurrerakoia dena. Eta baxuan, Iñigo Telletxea, Berako musikari bikaina, Irazoki familiako beste perla bat. Eta teknikaria, Mikel Garcia.
1970ko hamarkadatik dabilen beteranoa, musikari gazteekin zelan moldatzen da?
Oso modu naturalean. Poz-pozik eta gustura nabil. Ideia freskoak dituzte, eta hori eskertzen dut.
Kontzertuen kopurua jaitsi da krisiaren ondorioz?
Azken bi urteetan ikusi dut gauzak ez doazela behar bezala. Bueno, lehenagotik ere, nire kasuan. Izan ere, udaletatik ezker abertzalea baztertu dutenetik, ni ere baztertu naute kultur egitarauetatik. Eta gero, EAEn Lopez dagoenetik agintean, euskal kulturari gero eta oztopo gehiago jartzen diotela uste dut. Dena den, horretaz guztiaz baikor naiz; orain gauzak aldatzeko bidean ikusten ditut, azken gertaera politikoekin. Baina, aldatzen badira ez da izango haien kontura, noski.
Diskogintza ere krisi larrian da. Zer deritzozu?
Bai, eta tristeena da diskoetxe gehienen jokabidetik ezin dela ezer ere espero. Bildumak egin, betiko planteamenduei ekin… horrela ezin da. Beste zer edo zer pentsatu beharko dugu, baina diskoetxe gehienetatik ezer itxaroten egon gabe.
Autoekoizpen bidea, esate baterako, edo Interneten kantak zintzilikatzea?
Bai, hor, esate baterako Zea Mays taldeak berriki egin duen apustua oso ona izan da; eta ondo atera zaie, merezita gainera. Musikarien aldetik irudimena eta iniziatiba berriak hartu dira; diskoetxe gehienen aldetik ez. Gero ere, bizi-bizian den musikak irabaziko duela uste dut. Nik beti sinetsi izan dut zuzeneko emanaldietan, hori da musikarion xedea.
Ondarroara zatoz. Aspaldiko ezaguna da zuretzat, ezta?
Bai horixe! Kafe Antzokian kantagintza saioak egin izan ditut luzaz, eta pentsatu nahi dut ondarrutarrak pixka bat gogoratuko direla nitaz, ni haietaz bezala. Gainera, nire ustez Antzokia inguruko lokal egokienetakoa da.
Bazabiltza kanta berriak sortzen?
Bai, eta ez. Baditut bi-hiru kanta berri, baina ez dut nahi disko bat osatzeko besteko sorta egiteko derrigortasunik. Izan ere, hamar-hamabi egin behar hori aldi bakoitzean… gero zenbat eskaintzeko zuzenean; lau edo bost. Beharbada hortik dator irtenbidea; egin ahala, sarean zintzilikatu. Banabil, baina lasai.
Modu artifizialean sortutako musikaren aroan, zurea lako kantagintzaren publiko fidela hor ote dago?
Inolako beldurrik ez diot silikonazko musikari. Modak dira; garai batean disco musika hor zen… Sustraietako musika eta mezua gustuko duen jendea beti da hor, eta moda horien gainetik edo azpitik pasatu naiz ni beti. Musika, bihotzetik edo gorputzetik sentiaraztea da niretzat, eta hor nabil.