Greba orokorra ia erabatekoa izaten ari da Lea-Artibai eskualdean eta Mutrikun. Herri handienetan denda eta taberna guztiak daude zarratuta goizetik, eta jende asko ikusten da kalean eta parkeetan paseatzen. Lekeition egin dute eskualde mailako manifestazioa, grebaren sindikatu deitzaileek deituta, “Nahikoa da, errespetatu langileon eskubideak” leloagaz. Eskolapetik abiatu den martxan 500 lagun batu dira. Ez da egon, orain artean behinik behin, ezelako istilu edo gorabehera gogorrik. Lekeition piketeetako pertsona bat identifikatu eragin dute, eta tentsio uneak egon dira eskola publikora ertzainek babestuta sartu direnean zenbait irakasle eta guraso. Ondarroako Inem bulegoan be tentsio uneak egon dira informazio piketeen eta ertzainen artean, baina ez da ezer larririk gertatu.
Arloz arlo zehaztuz gaurko grebaren jarraipen maila, honako datuak emon daitezke:
- Industriari dagokionez, inguru honetako lantoki handienak erabat geldi daude kasu batzuetan: Ansola fundizioa, Eika. Beste lantoki handi batzuetan jarraipen zabala eduki du grebak, nahiz guztiz geldituta ez egon: Cikautxo. Fagor Arrasaten langile batzuk daude greban, eta beste batzuk ez; bardin gertatu da Kide kooperatiban be. Okamika Industrialdea ia-ia hutsik dago.
- Arrantzari dagokionez, Ondarroako portuan, bai baxuran bai alturan, soilik goizeko 7etatik 8etara egin dute arrain salmenta lonjetan. Portuko tailerrak eta bestelako lantokiak be zarratuta egon dira.
- Administrazio publikoari dagokionez, Aulesti, Gizaburuaga,Markina-Xemein eta Ondarroako udalak itxita egon dira. Beste udal batzuetan langile batzuek egin dute greba, ez guztiek.
- Osasun sare publikoan, harreragile eta zeladoreen artean eduki du grebak eraginik handiena. Esate baterako, Lekeitioko datuekin, horietatik %83k egin du greba. Aldiz, medikuen %18 eta erizainen %8 baino ez dira izan greban gaur zentro horretan. Markina-Xemeingo osasun etxean bik izan ezik beste behargin guztiek lana egin dute.
- Irakaskuntzari dagokionez, jarraipen zabala eduki du grebak. Gitxieneko zerbitzuak betetzen soilik egon dira honako ikastetxeetan: Lekeitioko ikastola eta institutua; Ondarroako Zaldupe, Zubi Zahar, Txomin Agirre eta Arrantza Eskola; Mutrikuko institutua; Markina-Xemeingo Lea Artibai ikastetxea; Etxebarriko eskola, Amorotokoa, Aulestikoa, Munitibarkoa eta Berriatukoa. Beste ikastetxe batzuetan %80koa izan da grebaren eragina: Mutrikuko Goizeko Izarra eta San Miguel; Markina-Xemeingo Bekobenta, Markina BHI eta Bera Kruz, esate baterako.Lekeitioko eskola publikoan hortik beherakoa izan da eragina, eta Ondarroako institutuan %27k egin du bat grebagaz.