Emakume zestalarien topaketak egin dira Uni frontoian
Emakume zestalariak batu dira asteburuan Markina-Xemeingo Uni frontoian
Zesta-punta emakumeen kirola be badela erakutsi dute asteburuan Markina-Xemeinen batutako zestalariek. Giro onean eta maila ona erakutsiz, aurtengo lehenengo topaketa egin dute Uni frontoian.
Bartzelona, Pau eta Markina-Xemeingo zortzi neska batu ziren zapatu arratsaldean eta domeka goizean zesta-puntan jokatu eta elkarregaz egoteko: Mariona Canys, Clara Garcia, Alba Aguilera eta Irene Canto Bartzelonakoak, Marie eta Aude Langie Pau-koak eta Izaro Arbe eta Maite Bengoa markinarrak. Gitxi dira, baina zaletasunik ez dute falta, eta zesta-punta emakumeen artean sustatzea dute helburu.
Danetara hamazazpi bat neska dabiltza zesta-puntan: hamabi neska Bartzelonan ¬sei txikiak¬, bi Paun, bat Biarritzen eta bi Markina-Xemeinen. «Pelotarien bikote guztiek ezagutzen dute zesta-punta, eta askok, seguru, jokatu be egin dute, baina gero ez dira animatzen», dio Irene Canto Bartzelonako zestalariak.
Gasteizen be egon dira zestalariak, baina aurrera egitea ez da erraza izaten. Momentu batera ailegatuta, ez dute edukitzen nogaz jokatu, eta sarritan utzi egin behar izaten dute. Gainera, ez dira zesta-puntaren garai onenak, eta horrek be ez die laguntzen. Halan eta be, daudenak animatuta daude eta animo hori darabilte neska gehiago erakarri nahian. «Bartzelonan frontoi bakarra dago, baina hemen, horrenbeste frontoi egonda, neska gehiago egotea interesatzen da emakumeen txapelketa ofizial bat lortzeko», azaldu du Irene Cantok.
Aurtengoa, Markina-Xemeinen egiten den bigarren topaketa da. Zaletasunak batu zituen, eta topaketen bitartez ezagutu dira. Bartzelonako Club Vasconiakoak Paukoekin ipini ziren harremanetan, eta gero Markina-Xemeinen be neska zestalariak bazeudela jakin zuten. Halantxerik, harremanetan jarri, eta elkartzea erabaki zuten.
Era horretan, Markina-Xemeinen, Bartzelonan eta Paun batu ziren, eta aurten errepikatu egingo dute esperientzia. Bestalde, martxoan Mutrikun be egon nahi dute. «Badirudi, zesta-puntan interesa duten neskak daudela bertan, eta erakustaldia egitera joango gara», aurreratu dute.
Bikoteak nahastu eta norgehiagokan ibili dira neskak. Kinielak be jokatu dituzte, eta topaketekin amaitzeko, opariak jaso eta hurrengorako hitzordua adostu dute.