‘Karmel’-en hasierako aldizkariak eskura ipini dituzte
Karmel aldizkariaren hasierako aleak DVDan bildu dituzte
Karmel aldizkariaren 1931tik 2007ra arteko zenbaki danak aurkitu ahalko dira hemendik aurrera DVD batean. Ez dira PDF soilak, DVDak bilatzaile bat dauka, eta idazleen bitartez, gaien arabera, testu librea jarrita, urtea bilatuta edo artikulua izendatuta be topa daitezke lanak. Lan hori guztia, gainera, Karmel aldizkariak duen web orrian be eskegiko dute.
Karmeldarrek Markina-Xemeingo udalerriko kulturgintzan, politikagintzan eta euskalgintzan izan duten ekarpena omentzeko asmoz, lan guztiak digitalizatzea erabaki zuen Udaleko Kultur eta Euskara Batzordeak. Lan teknikoa Plazagune enpresak egin du, eta bi urte behar izan dituzte horretarako. «Behar gogorra izan da, sarritan ale banakak aurkitu direlako eta eskuz egin behar izan delako», zehaztu zuen Markina-Xemeingo alkate Jabier Alberdik DVDa aurkezteko egindako ekitaldian. Bertan izan ziren baita, Andres Urrutia Euskaltzainburua, Xabier kalzakorta Karmel aldizkariko idazle eta literaturan aditua, Julen Urkiza aldizkariko idazlea eta Juan Mari Arrizabalaga aldizkariaren gune digitaleko arduraduna.
Ekitaldian, digitalizazioaren helburuak eta garrantzia azpimarratu zituzten. Ondarea babestu eta zabaltzea izan da helburua, eta orain, ondare hori erabiltzeak berebiziko garrantzia du Andres Urrutia Euskaltzainburuaren ustean. «Gordeta eta babestuta dagoena erabili behar da. Gaur egunean badakigu, esate baterako, hizkuntzaren aurrerakuntzan behar-beharrezko direla honelako corpusak, honelako multzoak…Gero, esate baterako euskaltzaindiak hainbat eta hainbat lan egin behar duenean, horrelakoak erreferentzi moduan dituelako», adierazi zuen.
Xabier Kalzakortak, barriz, aldizkariaren beraren garrantzia azpimarratu zuen «Euskal kulturako erreferente» dela adieraziz.
Gaur eguneko Karmel aldizkaria, 1931n sortu zen Karmengo Argia izenagaz. 36ko gerrak hil ondoren, barriro ataratzen hasi ziren 1951n Karmengo Egutegia izenpean. Sei urtez jarraitu zuen horrela, eta ikusita inork ez zuela ezer esaten, 1957an, Santi Onaindiak Karmel izena ipini zion. Baina konturatu egin ziren, eta 1961ean debekua ailegatu zen.
Hirugarren aroa 1970ean hasi zen, eta horrek jarraitu izan du gaur egunera arte. «Gaur egun, Karmel aldizkaria euskal kulturaren erreferentzia izaten ahalegintzen da, gaurko gizon eta emakumeek gizatasun eta benetako balioetan sustraitutako kulturaren premia dutela uste dugulako», nabarmendu zuen Karmel aldizkariko zuzendari Julen Urkizak.
Aldizkaria idazleen sortzaile izan da. Halan, euskal kulturgintzako eta hizkuntzalaritzako izen handiko idazleek parte hartu dute eta parte hartzen dute bertan. Bestalde, denetariko gaiak lantzen dira bost ataletan banatuta: kultura, literatura, gizartea, eliza eta iritziak.
Teknologia barrietaz baliatuta, gaur eguneko aldizkariak kontsultatu zitezkeen Karmel-en web orrian. Hemendik aurrera, horiez gainera, Karmel historikoa ikusi ahalko da modu errezean.