Ispasterko Udalak iaz baino 20 mila euro gehiago erabiliko ditu inbertsioetarako
Ispasterko Udalak 2011ko aurrekontua onartu du. Udaletxeko igogailua eta erabilera anitzeko gela dira proiektu nagusiak. Aurrekontua 851.095,90 eurokoa da.
Inbertsioetarako 57.322,34 euro erabiliko ditu 2011. urtean Ispasterko Udalak. Iaz, 30.000 eurora ez zen iritsi zentzu horretan erabilitako diru kopurua. Igoera xumea izan den arren, udal ordezkariak pozik daude lortutakoagaz. 
Inbertsioetara diru gehiago zuzendu ahal izateko, Udalak ahalegin berezia egin izana nabarmendu dute. «2007an kontuak ez zeuden egoera onenean. Ordutik, eta zer zetorren aurreikusita, aurrekontuak estutu egin ditugu. Hori da aurtengo egoera hobexeagoa izatearen arrazoia», azaldu du kontuen arduradun Paulo Gabikak.
Inbertsioetarako zuzendutako diruak ez ezik, aurrekontuak bere osotasunean jasan du aipatutako igoera xume hori: iaz 763.325 euroko aurrekontua onartu zuten; aurten, ostera, 851.095,90 eurokoa da.
Inbertsioetara zuzendutako diruagaz bi proiektu nagusi aurrera ataratzea da Udalaren helburua: alde batetik, udaletxeko igogailua egingo dute. Proiektu hori irisgarritasun planean jasotakoa da, eta 98.000 euroko aurrekontua dauka. «Iaz ere saiatu ginen proiektu hau gauzatzen, baina ez genuen Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzarik lortu. Aurten proiektua gauzatzeko moduan egongo garela uste dugu». Egitasmoaren helburua udaletxerako sarrera erraztea da.
Beste alde batetik, erabilera anitzeko gela jarri gura dute martxan. Udaletxeak botikina dagoen eraikinean duen espazioa kulturagaz erlazioa duten jardueretarako prestatu gura du. «Diru kopuru handiena igogailuak eroango du, eta gelditzen denagaz aurre egingo diogu honi».
Egoera «ona»
Filosofia zehatzagaz egin dute aurrekontuaren planteamendua: «Orain arte eskaintzen ditugun zerbitzuak mantentzea zen helburua eta hori lortu dugu. Amortizazioen atalean, ordaindu beharreko kredituei aurre egiten jarraitzen dugu, eta, halanda be, inbertsioetarako zerbait edukitzea lortu dugu. Gure egoera ez da hain txarra. Ez gaude beste udal asko bezain lotuta».
Gastu arrunten atala ia bere horretan mantentzea lortu dute: iazko 651.000 euroen aurrean, aurten, 659.000 dauzkate.
Sarreratan, ostera, iaz 721.000 euro zeuzkaten, eta aurten 756.000 euro.