‘Zigortzaileak’ Ondarroan emongo dute asteburuan, aurkezpen ekitaldi eta guzti
Zigortzaileak, bullying-aren inguruan euskaraz egindako film luzea, Ondarroan eskainiko dute asteburu honetan, Bide Onera aretoan. Zapatuan egingo dituzte hiru emanaldi eta domekan beste hiru. Egun bietan berdina izango da ordutegia: 16:30ean, 19:00eta...
Zigortzaileak, bullying-aren inguruan euskaraz egindako film luzea, Ondarroan eskainiko dute asteburu honetan, Bide Onera aretoan. Zapatuan egingo dituzte hiru emanaldi eta domekan beste hiru. Egun bietan berdina izango da ordutegia: 16:30ean, 19:00etan eta 22:00etan.
Arantza Ibarra ondarrutarrarena da pelikularen gidoia, eta bera izan da zuzendaria be, Alfonso Arandiagaz batera. Protagonistetako bi be berton ingurukoak dira: Martin Gandiaga markinarra eta Amaia Aberasturi arteagarra.
Aurkezpen ekitalditxoa
Ondarroan egongo dira domeka arratsaldean, 16:30eko emanaldia hasi baino lehen, Ibarra bera, Gandiaga eta Aberasturi, eta Iñigo Larrinaga aktore etxebarritarra be aurkezpenean egongo da.
«Gogoa geneukan filma bertora ailegatzerakoan zer edo zer berezia egiteko, eta han egongo gara», esan du Arantza Ibarra zuzendariak. «Pozik eta gogotsu» dago Ibarra; «irrikitan, jakiteko ia zelako harrera daukan filmak Ondarroan». Orain arte edukitako harreragaz «gustura» dago zinegile ondarrutarra, «behinik behin hiru-lau aste egin ditu hiriburuetako aretoetan». Orain herri txikiagoetan eskainiko dute.