“Egipton janaria be faltatzen hasi da”
Ia bederatzi urte daroaz Abdu Abdelattyk Ondarroan bizitzen. Jadanik bertokotuta dago, baina Egipton familia dauka eta harekin harremanetan jarraitzen du. Egun hauetan gehiago, Egipton dagoen egoeraz arduratuta dago-eta Abdelatty. Egiptoko zer barri daukazu? Egunero berba egiten dut, baina hogei minutu eta moztu egiten da telefonoa. Oso txarto dabiltzala kontatzen dute. Polizia paisanoz jantzita dabilela esan didate, eta lapurretak be asko direla. Nahiko txarto dago egoera.Orain, adibidez, bertako jendeak dioenez, ikasketa gabeko jendea kontratatzen dabiltza Moubaraken aldekoak gauzak apurtzeko. Gaur 03:00etan, esate baterako, tankea alokatu eta bost gazte hil dituztela entzun dut. Egoera latza da, beraz. Janaria be faltatzen hasi da. Ogia falta da… Dena falta da. Ez da ailegatzen. Gasolinarik be ez dago, eta dena dago geratuta. Soldatak ez dira ailegatzen bankuetara, dena itxita dago eta jendea dirurik barik. Nire ustez, egoerak hilabete gehiago halantxerik jarraitzen badu, jendea gosea pasatzen hasiko da. Gainera, polizia barik be badaude, eta handik kontatzen didatenez, lapurrak leku guztietan dabiltza. Zu bizi zinen lekuan, zelan dago egoera? Ni Luxor eta Karnak tenplo ezagunaren artean bizi nintzen. Herenegun 05:30ean 30 bat lagun sartu ziren tenplora ostu nahian. Polizia joan egin da eta jendea lapurretan dabil. Cairon be berdina gertatu da. Orain polizia barik, kontrol barik, denak [...]
Ia bederatzi urte daroaz Abdu Abdelattyk Ondarroan bizitzen. Jadanik bertokotuta dago, baina Egipton familia dauka eta harekin harremanetan jarraitzen du. Egun hauetan gehiago, Egipton dagoen egoeraz arduratuta dago-eta Abdelatty.
Egiptoko zer barri daukazu?
Egunero berba egiten dut, baina hogei minutu eta moztu egiten da telefonoa. Oso txarto dabiltzala kontatzen dute. Polizia paisanoz jantzita dabilela esan didate, eta lapurretak be asko direla. Nahiko txarto dago egoera.Orain, adibidez, bertako jendeak dioenez, ikasketa gabeko jendea kontratatzen dabiltza Moubaraken aldekoak gauzak apurtzeko. Gaur 03:00etan, esate baterako, tankea alokatu eta bost gazte hil dituztela entzun dut.
Egoera latza da, beraz.
Janaria be faltatzen hasi da. Ogia falta da… Dena falta da. Ez da ailegatzen. Gasolinarik be ez dago, eta dena dago geratuta. Soldatak ez dira ailegatzen bankuetara, dena itxita dago eta jendea dirurik barik. Nire ustez, egoerak hilabete gehiago halantxerik jarraitzen badu, jendea gosea pasatzen hasiko da. Gainera, polizia barik be badaude, eta handik kontatzen didatenez, lapurrak leku guztietan dabiltza.
Zu bizi zinen lekuan, zelan dago egoera?
Ni Luxor eta Karnak tenplo ezagunaren artean bizi nintzen. Herenegun 05:30ean 30 bat lagun sartu ziren tenplora ostu nahian. Polizia joan egin da eta jendea lapurretan dabil. Cairon be berdina gertatu da. Orain polizia barik, kontrol barik, denak beldurrez daude. Bortxaketak-eta be gertatzen dabiltza. Gobernuak beldurra sartu gura du, gobernua ondo dagoela esan eta eutsi egin behar zaiola pentsatzeko.
Zure iritzia zein da?
Nire ustez, Moubarak joan egin behar da, eta kitto! 30 urte egin ditu gobernuan eta aldatzeko garaia da. Zuk egin duzu egin beharrekoa, orain ez zaituzte gura gehiago, ba utzi.
Noiz egin duzu azkenengoz berba familiagaz?
Herenegun egin nuen berba nire arrebagaz eta gerra baten moduan daudela dio. Tiro hotsak, zaratak eta umeak negarrez entzuten direla dio. Gazteak guardiak egiten dabiltza kalean, poliziarik ez dagoelako. Liskar handienak dauden lekutik aparte bizi da nire familia. Nik uste dut oso txarto pasatzen dabiltzala. Deitzen didaten bakoitzean beldurra sentitzen dut, edozer gerta daiteke-eta.