Alleriko pasealekuko obra gelditzeko agindu du epaitegiak
Alleriko pasealekua egiteko obrak behin-behinean gelditzeko agindu du Bizkaiko Administrazioarekiko Auzien 4. Epaitegiak. Pasa den barikuan emon zuten jakitera epaia. Ezingo da Zaldupe-Alleri pasealekuko obrekin jarraitu, harik eta Alleriko etxebizitzen planari buruz egin behar den epaiketa egin eta sententzia emon arte. Horregaz batera, epaiak dio «salatutako aldeak», beraz Ondarroako Udalak, ordaindu beharko dituela auzi honen kostuak «ausarkeriazko jokabidea» eduki duela ebatzita. Hamabost eguneko epea dauka orain Udal Kudeaketa Batzordeak, epai honen kontrako helegitea ezartzeko, eta jada emon du jakitera helegitea ipiniko duela epaiaren aurka. «Obra gelditu, ardurak argitu» Alleri Zainddu herritarren plataformako kideek epai hau jakin ondoren «pasealekuko obrak geltu eta Udalean proiektu hau aurrera eroan dutenen izen abizenak eta ardurak argitu eta zehazteko» eskaria egin dute. «Hemendik aurrera, Allerik eta bere inguruek daukaten balioa kontuan hartzeko eskatzen dugu: obrak egitearren egitea helburu duen eredu ekonomiko hau aldatu beharra daukagu; gure ongizatea ezin baitugu obrekin estali», esan dute jende aurreko balorazioa eginez. Pasealekuko obra Allerin egin nahi zituzten etxebizitzetara hornidurak eroateko (ura, elektrizitatea…), aurreikusi zuen hasiera batean Udal Kudeaketa Batzordeak. Hala ere, «Alleriko ezaugarri ekologikoak aintzat hartuta» epaitegietara jo zuen Alleri Zainddu plataformak eta etxebizitzen plana EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean salatu zuen. Iazko uztailaren 27an agindu zuen auzitegi horrek Alleriko [...]
Alleriko pasealekua egiteko obrak behin-behinean gelditzeko agindu du Bizkaiko Administrazioarekiko Auzien 4. Epaitegiak. Pasa den barikuan emon zuten jakitera epaia. Ezingo da Zaldupe-Alleri pasealekuko obrekin jarraitu, harik eta Alleriko etxebizitzen planari buruz egin behar den epaiketa egin eta sententzia emon arte. Horregaz batera, epaiak dio «salatutako aldeak», beraz Ondarroako Udalak, ordaindu beharko dituela auzi honen kostuak «ausarkeriazko jokabidea» eduki duela ebatzita. Hamabost eguneko epea dauka orain Udal Kudeaketa Batzordeak, epai honen kontrako helegitea ezartzeko, eta jada emon du jakitera helegitea ipiniko duela epaiaren aurka.
«Obra gelditu, ardurak argitu»
Alleri Zainddu herritarren plataformako kideek epai hau jakin ondoren «pasealekuko obrak geltu eta Udalean proiektu hau aurrera eroan dutenen izen abizenak eta ardurak argitu eta zehazteko» eskaria egin dute. «Hemendik aurrera, Allerik eta bere inguruek daukaten balioa kontuan hartzeko eskatzen dugu: obrak egitearren egitea helburu duen eredu ekonomiko hau aldatu beharra daukagu; gure ongizatea ezin baitugu obrekin estali», esan dute jende aurreko balorazioa eginez.
Pasealekuko obra Allerin egin nahi zituzten etxebizitzetara hornidurak eroateko (ura, elektrizitatea…), aurreikusi zuen hasiera batean Udal Kudeaketa Batzordeak. Hala ere, «Alleriko ezaugarri ekologikoak aintzat hartuta» epaitegietara jo zuen Alleri Zainddu plataformak eta etxebizitzen plana EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean salatu zuen. Iazko uztailaren 27an agindu zuen auzitegi horrek Alleriko plana behin-behinean etetea. Ostean helegitea ezarri zuen etenaren aurka Udal Kudeaketa Batzordeak. Helegitea atzera bota zuen auzitegiak, eta plana behin betiko etenda dago pasa den azaroaren 30az geroztik, epaiketaren zain.
Pasealekua, egiten hasita
Halan eta be, Zaldupe-Alleri pasealekua egiteko obrekin jarraitu egin dute harrez gero, «pasealeku hutsa eginez, ezelako hodi edo hornidurarik pasatu barik», Udal Kudeaketa Batzordeak bere egunean azaldu zuenez.
«Alleri Zainddu plataformak argi esan zuen pasealekuko obra horiek egiteak arazo legalak ekar zitzakeela», gogoratu dute herritar taldekoek agerraldian. «Etxeen planagaz egin modura, pasealekua bera be Europako eta EAEko legediak babestutako padura baten gainean, eta zaharkitutako arau subsidiarioak erabilita egin dira; eta etxeen plana auzitegiak geldituta bazegoen, pentsatzekoa zen bigarrena be gelditu eragin zezaketeela», esan dute.
«Alleri Zaindduk hasieratik Udalean aurkeztutako alegazioei ez zieten kasurik egin, geroago herritarrek egindako kontzentrazio eta protestei be ez, baina epaitegietako salaketak bere bidea egin du, eta orain etena agindu dute», gogoratu dute plataformako kideek.
800.000 euro, jada gastatuta
Pasealekuko obra, orain gelditu beharko dutena, hasita eta nahiko aurreratuta be badago. «Bideragarria eta legala izango den ala ez zalantzan dagoen obra batean 800.000 euro gastatu dira diru publikotik, eraikuntza enpresen interes pribatuak asetzeko», salatu du Alleri Zainddu-k. «Lotsagarria begitantzen zaigu, herrian dagoen beharrizan piloagaz Udala halako obretan dirua gastatzen ibiltzea, arauak hausten eta herritarren berbari kasurik be egin barik», gehitu dute.