Atseden leku eta aisialdi gunea inauguratu dituzte Asterrikan
Famili giroan inauguratu dituzte Asterrikako atseden lekua eta aisialdi gunea. Auzotarrez gain, ekitaldian batu ziren Landa Garapen Elkarteko Juan Mari Totorika eta Berriatuako alkate Imanol Mugartegi.Erakundeetako ordezkari biak eta auzoko umeak iza...
Famili giroan inauguratu dituzte Asterrikako atseden lekua eta aisialdi gunea. Auzotarrez gain, ekitaldian batu ziren Landa Garapen Elkarteko Juan Mari Totorika eta Berriatuako alkate Imanol Mugartegi.Erakundeetako ordezkari biak eta auzoko umeak izan ziren zinta moztearen arduradun.
Zinta mozketa, aurreskua eta txistulariak. Ezer ez zen falta izan inaugurazioan. Guztia auzotarren eskutik, gainera, Asterrikako Gaizka Urrestik egin zuen dantzan eta Jasone Akizuk txistua jo. Gorostiak landatzen, berriz, auzoko umeak ibili ziren. Amaieran, jan edana eduki zuten.
Orain dela urte bi hasitako lanaren emaitza izan zen zapatukoa. Errepublika aurretik zegoen eskoletxea berritu eta auzoaren garapen sozial eta ekonomikoari bultzada eman nahi diote Asterrikakoek. Halan, jaietako batzarrak egiteko erabiltzen den eskoletxe zaharra aukera anitzerako atseden leku bihurtu dute.
Eraikinak eta aisialdi guneak Udalaren jabetza izango du, baina erabilpena eta kudeaketa Asterrikako auzotarrena izango da. «Asterrikako auzotarrentzako azpiegitura bat izango da, jaiak zein beste ekitaldi batzuk antolatzeko lekua eta bai eta bertokoak elkartu eta harremanak sortzeko tokia be», zehaztu du Asterrikako bizilaguna den Joserra Egiluzek. Horretarako, lokal handi bat izango dute, beheko sua, telebista, sukaldea, barra, komuna, gordelekua eta terraza dituena. Baita burdin ura ematen duen iturria eta aisialdi gunea be.