Hondartzako lanak, bertan behera
Portuen zuzendaritzak eten egin du proiektua, hondartzaren mantenimenduaren ardurak argitu arte. Gaur batuko dira Donostian, Kostetako Zuzendaritzaren egoitzan, Mutrikuko Udaleko ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako Portuen Zuzendaritzakoak eta Estatuko Kosten Zuzendaritzakoak. Guztiz korapilatu den zeregina izango dute: Mutriku herriko hondartzaren berreskurapena eta ondorengo hondartzaren eta itsas-igerilekuaren kudeaketa eta mantenimendua zeinen ardura den argitzea. Izan ere, hondartza berreskuratzeko lanak eten egin ditu Eusko Jaurlaritzako Portuen Zuzendaritzak. Entitate hori ez dago prest, antza, hondartzaren eta igerilekuaren geroko mantenimendua beregain hartzeko. Lanak etenda egongo dira, beraz, kudeaketaren ardura argitu arte. Ez bada gaia epe laburrean argitzen, 2011koa hondartzarik gabeko seigarren uda izango litzateke mutrikuarrentzat. Abenduan esleitu, orain eten Hondartza berreskuratzeko lanak pasa den abenduaren erdialdean esleitu zituen Eusko Jaurlaritzako Garraio, Herri-Lan eta Etxebizitza Sailak. Portuen Zuzendaritza sail horren baitakoa da. Urte eta erdiko atzerapenez esleitu ziren lanok, modu zuzenean eta premiazko prozedura erabilita, 2 milioi euroko aurrekontuarekin. Amenabar eta Moyua enpresen arteko aldi baterako UTEari esleitu zitzaizkion lanak. Orduko hartan Iñaki Arriolak «lanak berehala» hasiko zirela iragarri zuen, eta aurtengo udarako bukatuko zirela. Orain, ordea, Eusko Jaurlaritzak berak eten ditu zereginok. Ardura elkarri pasatzen Portuen Zuzendaritzak lan horiek esleitu eta segituan idatzi zion Espainiako Ingurumen eta Landa zein Itsaso Gaietarako ministerioari, eskatuz argitu zezala hondartzaren [...]
Portuen zuzendaritzak eten egin du proiektua, hondartzaren mantenimenduaren ardurak argitu arte.
Gaur batuko dira Donostian, Kostetako Zuzendaritzaren egoitzan, Mutrikuko Udaleko ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako Portuen Zuzendaritzakoak eta Estatuko Kosten Zuzendaritzakoak. Guztiz korapilatu den zeregina izango dute: Mutriku herriko hondartzaren berreskurapena eta ondorengo hondartzaren eta itsas-igerilekuaren kudeaketa eta mantenimendua zeinen ardura den argitzea.
Izan ere, hondartza berreskuratzeko lanak eten egin ditu Eusko Jaurlaritzako Portuen Zuzendaritzak. Entitate hori ez dago prest, antza, hondartzaren eta igerilekuaren geroko mantenimendua beregain hartzeko. Lanak etenda egongo dira, beraz, kudeaketaren ardura argitu arte.
Ez bada gaia epe laburrean argitzen, 2011koa hondartzarik gabeko seigarren uda izango litzateke mutrikuarrentzat.
Abenduan esleitu, orain eten
Hondartza berreskuratzeko lanak pasa den abenduaren erdialdean esleitu zituen Eusko Jaurlaritzako Garraio, Herri-Lan eta Etxebizitza Sailak. Portuen Zuzendaritza sail horren baitakoa da. Urte eta erdiko atzerapenez esleitu ziren lanok, modu zuzenean eta premiazko prozedura erabilita, 2 milioi euroko aurrekontuarekin. Amenabar eta Moyua enpresen arteko aldi baterako UTEari esleitu zitzaizkion lanak.
Orduko hartan Iñaki Arriolak «lanak berehala» hasiko zirela iragarri zuen, eta aurtengo udarako bukatuko zirela. Orain, ordea, Eusko Jaurlaritzak berak eten ditu zereginok.
Ardura elkarri pasatzen
Portuen Zuzendaritzak lan horiek esleitu eta segituan idatzi zion Espainiako Ingurumen eta Landa zein Itsaso Gaietarako ministerioari, eskatuz argitu zezala hondartzaren eta itsas igerilekuaren geroko mantenimendua eta kudeaketa zeinen eskutan geratuko litzatekeen. Bide batez aurreratu zion Jaurlaritzak ez zeukala ardura hori beregain hartzeko asmorik. Erantzunik ez da jaso oraindik Madrildik, eta hori dela eta, lanak eten egin ditu Gasteizko gobernuak.
Eusko Jaurlaritzaren iritziz hondartzaren eta itsas igerilekuaren mantenimendua ez dagokio berari, tartean itsasertzeko domeinu publikoari dagozkion 5.638,26 metro koadro sartzen direlako.
Eta, gaia gehiago korapilatzeko, Kostetako Zuzendaritzak iradoki du Udalak hartu beharko duela hondartzaren eta igerilekuaren mantenimenduaren ardura. Eta Mutrikuko Udalaren egoera ekonomikoa inoizko larriena da uneotan.
Josebe Astigarraga alkatea «akordio baten bila» eseriko da gaurko bileran; «gai hau aspaldi konponduta egon behar zen eta». «Arazorik handiena hondartzaren geroko mantenimendua da, ze ez dago argi ze norabide hartuko duen hondarrak. Horrek kostu handi bat lekarke, eta horrelako mantenu bat egitekotan Udalak kontraprestazioa eduki beharko luke, bestela ezinezkoa da», esan du alkateak.
«Proiektua birplanteatu»
Mutriku Natur Taldeari gaiaren gainean galdetuta, «hondartza berreskuratzeko proiektua berriro planteatu» behar dela dio. «Lehiaketara atera gabe eta gauzak ondo pentsatu gabe egindako proiektua da hondartza berreskuratzeko egitasmoa, eta argi dagoena da dikearen eraginez hondarraren eta uraren mugimendua aldatu egin direla eta hori aintzat hartu behar dela», azaldu du Rafa Ulazia Mutriku Natur Taldeko (MNT) kideak.
Hondartzaren mantenimenduari buruz, berriz, MNT-k uste du «Portuen Zuzendaritzak hartu beharko lukeela ardura beregain, portuko obrak eragin baitu hondartzaren oraingo egoera».