Iazko bederatzi atxilotuek auzipetze autoa jaso dute
Bederatziak geratu dira auzipetuta, batzuei ETAko kide izatea egotzi diete autoan, beste batzuei ETAri laguntza eman izana, eta batzuei bi ekintza zehatzekin lotura leporatu diete: Azpeitian antena bati eginiko erasoagaz eta Orion obrako etxola batzuen kontrako erasoagaz. Ukatu egin dute egozten zaiena Gaur goizean egon dira Espainiako Auzitegi Nazionalera deituta iazko urte hasieran Ertzaintzak atxilotutako bederatzi herritarrak, baina azkenean ez ditu hartu zegokien epaileak, Eloy Velascok, Auzitegiko idazkari batek baino. Hark iazko atxiloaldian egindako deklarazioak erakutsi dizkie, eta guztiek ukatu dituzte euren kontra egiten diren akusazioak. Batzuek, gainera, berretsi egin dute iazko deklarazioak torturapean eginak izan zirela. Orain, behin autoak jasota, dilijentzia batzuk falta direla jakinarazi zaie, eta ondoren igorriko zaiola autoa fiskaltzari. Ordura arte ez da jakingo bakoitzaren kontrako zigor eskari zehatza zein den. Bederatzi pertsona horietatik hiru, Jabier Zubizarreta mutrikuarra, Jon Iñaki Esnaola debarra eta Olaitz Lema ondarrutarra, iaz laga zituzten aske baldintzapean. Xeber Uribe ondarrutarra, otsail honen 4an laga dute aske, baldintzapean hau be. Gainontzekoak behin-behineko espetxealdian daude: Asier Badiola, Urtza Alkorta, Zunbeltz Bedialauneta eta Igor Martin Madrilgo kartzeletan (Estremeran eta Navalcarneron); eta Ibon Iparragirre Sevilla II espetxean. Tortura salaketak Iazko atxiloketen ondorengo inkomunikazio aldian tratu txarrak eta torturak jasan izana salatu zuten bederatzi pertsona horiek. Euretako [...]
Bederatziak geratu dira auzipetuta, batzuei ETAko kide izatea egotzi diete autoan, beste batzuei ETAri laguntza eman izana, eta batzuei bi ekintza zehatzekin lotura leporatu diete: Azpeitian antena bati eginiko erasoagaz eta Orion obrako etxola batzuen kontrako erasoagaz.
Ukatu egin dute egozten zaiena
Gaur goizean egon dira Espainiako Auzitegi Nazionalera deituta iazko urte hasieran Ertzaintzak atxilotutako bederatzi herritarrak, baina azkenean ez ditu hartu zegokien epaileak, Eloy Velascok, Auzitegiko idazkari batek baino. Hark iazko atxiloaldian egindako deklarazioak erakutsi dizkie, eta guztiek ukatu dituzte euren kontra egiten diren akusazioak. Batzuek, gainera, berretsi egin dute iazko deklarazioak torturapean eginak izan zirela. Orain, behin autoak jasota, dilijentzia batzuk falta direla jakinarazi zaie, eta ondoren igorriko zaiola autoa fiskaltzari. Ordura arte ez da jakingo bakoitzaren kontrako zigor eskari zehatza zein den.
Bederatzi pertsona horietatik hiru, Jabier Zubizarreta mutrikuarra, Jon Iñaki Esnaola debarra eta Olaitz Lema ondarrutarra, iaz laga zituzten aske baldintzapean. Xeber Uribe ondarrutarra, otsail honen 4an laga dute aske, baldintzapean hau be.
Gainontzekoak behin-behineko espetxealdian daude: Asier Badiola, Urtza Alkorta, Zunbeltz Bedialauneta eta Igor Martin Madrilgo kartzeletan (Estremeran eta Navalcarneron); eta Ibon Iparragirre Sevilla II espetxean.
Tortura salaketak
Iazko atxiloketen ondorengo inkomunikazio aldian tratu txarrak eta torturak jasan izana salatu zuten bederatzi pertsona horiek. Euretako zazpiren defentsa daroan Alfontso Zenon abokatua tortura salaketa hori ipintzearren salatu zuen, ordea, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak.
«Momentu honetan atxilotu guztien tortura salaketak tramitean daude. Batzuk artxibatzeko eskaria egon izan da, baina horren kontrako helegiteak aurkeztuta daude. Beraz, salaketa horiek bizirik daude», azaldu du Alfontso Zenon abokatuak.
Ertzaintzaren sarekada iazko urtarrilaren 26an, 28an eta otsailaren 2aren artean banatu zen. ETArekiko lotura egotzi zieten atxilotuei, horietako batzuk Ondarroako ertzainetxearen kontrako atentatuagaz lotuz.