Murlan zerbitzu enpresen parkea sortzeko 250 mila euro eskuratu ditu Udalak
Murlako proiektua aurrera eroateko behar dituen 483 mila euroen erdia eskuratu du Udalak. Bizkaiko Foru Aldundia eta Jaurlaritza Murlako proiektuan diruz inplikatzea lortu nahi du Udalak orain. Zerbitzu eta teknologia barrien enpresak batuko dituen eraikina egin nahi dute, eta inguruari garai baten zuen erreferentzialtasuna bueltatu. Lurren jabetza eskuratzeko bilerak hasiak ditu
Zerbitzu eta teknologia barrien enpresa parkearen egitasmoak aurrerapauso bat emon du. Izan be, Udalak 250 mila euro eskuratu ditu Murla auzoko proiektua egin ahal izateko.
Udalak egitasmoa finantziatzeko beharrezkoa duen diru kopuruaren erdia da aitatutako kopurua, eta Herrialdeen Garapenerako Europako Diru Laguntzen departamendutik eskuratu du. Beharrezkoak dituen 483.000 euroak osatu ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiara eta Eusko Jaurlaritzara jo du orain Udalak.
Enpresa gune barriaren egitasmoak Leako Amankomunazgoaren, Okamika industrialdearen eta Azaro Fundazioaren babesa jaso du. «Okamikan industria alorreko enpresak baino ezin dira ipini eta gero eta gehiago dira leku aproposa eskatzen duten zerbitzu enpresak. Horregatik pentsatu genuen Murlako proiektua bultzatu behar zela», adierazi du Jon Bollar alkateak. «Eskualde guztiko enpresentzat egongo da zabalik», azpimarratu du.
3.500 metro kuadro
Egitasmoaren garapenerako ia 3.500 metro kuadro erabiliko dituzte. Bertan, alde batetik, zerbitzu eta teknologia barrian arloko enpresak hartuko dituen eraikina egongo da; eta beste alde batetik, ofizio zaharren erakustoki eta, aldi berean, aisialdirako gune, izango den parkea.
Enpresak hartuko dituen eraikina gaur egun bertan den «zerrategi degradatuaren» lekuan eraikiko da. «Zerrategi horrek, garai batean, ingurukoei beharra emoten zien, baina urteak daramatza hutsik, hondatuta eta erortzekotan», gaineratu du.
Eraikinak bi mila metro kuadroko azalera eraikia edukiko du; inguruko urbanizazioa kontuan hartuz gero, 2.800 metro koadro beteko dituen gunea izango da. Hiru planta edukiko ditu. Behekoa erabilera anitzeko espazioa izango da: enpresen jardunerako zein ekintza jendetsuak antolatzen direnerako erabili ahalko da.
Egitasmoan jasota gelditu da Udalak zer lortu nahi du: «Mendeeetan herriko gune erabakiorra izandakoa berreskuratzea, denbora eta erabilera barrietara egokitzea eta galdua duen itzala eta erreferetzialtasuna itzultzea».
Zerrategiaz gain, XII-XIV. mendeen artean garratzi handikoa zen eliza bat ere badago Murlan. «Haren inguruan ehorzketak egin izanaren usteak, azterketa arkeologikoren bat egin beharra ekar lezake. Horretaz gain, zerrategiaren jardunak lurra kutsatu duen aztertu beharra dago; eta, hala balitz, garbitu. Guzti horrek kostuen gorakada suposatuko luke».
Lurrak eskuratzeko beharrean
Egitasmoa aurrera eroan ahal izateko Udalak Murlako lurren jabetza eskuratu behar du. Hori horrela izateko beharrean hasita dago.
Lur jabeekin batu eta adostasun batera heldu nahian dabiltza momentuan. «Ez dugu orain arte akordio batera heltzea lortu; eskatzen dutena neurribakoa delako». Gauzak horrela, Udalak ez du baztertzen jabetza kentzea. «Adostasunera heltzea da nahi duguna, baina lehentasuna urbanizazio lanekin hastea da».