Iruzubieta eta Bolibar lotzen dituen errepideko obrak amaitzear daude
Bolibar eta Iruzubieta lotzen dituen errepideko obrak amaitzear daude. Errepidearen zabalera prest dago; marrak margotzea eta alboetan segurtasun hesiak jartzea falta da.
Errepidea zabaldu eta egokitzeko egiten ari diren obrak amaitzeko azken unituak besterik ez dira falta. Iruzubietatik Bolibarreraino doan errepide zatiari eragiten diote obrek.
Atzo hasita, aste honetan azken erepide zatiak asfaltatzen ariko dira. Lan hori egin ondoren, errepideko marrak margotu eta errepide alboko segurtasun hesiak jartzea bakarrik faltako da.
Errepidea zabaldu eta berritzeko lanak Herri Lan Sailarena ardura izan dira, eta horretara 3,8 miloi euro zuzendu dituzte.
1,6 kilometro inguruko zatia eraberritzeko proiektuak iraun duen denboran zirkulazioa ez dute moztu; semaforo bidez zuzendu dute. Orain, ostera, bi erraiak zabalik daude eta autoen joan-etorriak ez dauka inolako trabarik.
Errepidea Zenarruza erreka eta mendiaren artean sartuta dago eta horrek zati askotan oso estua izatea zekarren. Lanen ondorioz, errepidearen errai bakoitzak hiru metroko zabalera dauka, eta alde banatan, metro erdiko bazterbideak. Gainera, euri urak jasotzeko areka ere eduki du. «Jende asko ibiltzen da oinez errepidetik; Donejakue bidea ere bertotik pasatzen dela kontua hartu behar da. Egindako lanek segurtasuna emongo ditoe bai bisitariei, baita herritarrei ere», esan du Jose Azpiazu alkateak.
Lanak amaituta, lehen zeuden sarrera guztiakberrezarri dituzte. Baina Bolibarko sarrerako bidegurutzeren ordez, biribilgune bat egin dute. «Modu horretan herrigunera sartzen diren ibilgailuen abiadura moteltzea lortuko dugu. Oso pozik gaude emaitzagaz», gaineratu du Azpiazuk.
Saneamendua amaitzeke
Errepidearen obragaz batera, saneamendu sarea berritzeko obrak ere martxan daude . «Sarearen berritzea errepidearen lanak baino beranduxeago amaituko da. Baina martxa onean doaz».
Bolibarko saneamenduan bi obra egin dituzte: alde batetik lehendik zegoen zatia berritu dute; hau da, Flores etxean hasi eta Abadetxe ondoraino doan zatia. Hor zegoen orain arte Bolibar herriguneko ur lohien kolektorea. Obra berriagaz, Abadetxe ondotik hasi eta beherantz, Iruzubietarainoko eroango dituzte ur lohi horiek eta bertan dagoen kolektorean bildu. «Garrantzia handiko azpiegiturak dira herriarentzat eta pozik gaude; uste dugu horiek eginda, derrigorrezko zerbitzuen sarea hornituta geratuko dela». Saneamendu sarea berritzeko 4,3 miloi euro inbertituko ditu Aldundiko Ingurumen Sailak.
Bolibartik Iruzubietarako saneamendu sarea berritzeaz gain, diru kopuru horregaz, Arta, Zeinka eta Zearregi auzoetako saneamendu sarea ere konpontzea da asmoa. Hasiera batean, Udalak auzoetako ur lohiak ere Bolibarko kolektorera jaisteko azterketa egiteko eskatu zion Foru Aldundiari. Baina, kasu guztietan, dauden aldats handiak direla eta, Aldundiak aukera hori baztertu egin zuen, eta auzo bakoitzean araztegi txiki bana eraikitzea erabaki zuen.