Haurrak euskaraz erregistratzearen aldeko deia egin du Udalak
Erregistro zibilean zein bake epaitegian euskarak bere lekua edukitzea eskatu du Auletiko Udalak. UEMAgaz bat eginez, ahurrek euskaraz erregistratzeko deia zabaldu dute.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (Uema) ekimenagaz bat eginez, erregistro zibilean zein bake epaitegietan euskarak legez dagokion lekua betetzea eskatu dute. Horrenbestez, umeak euskaraz inskribatzeko deia luzatu die Udalak herritarrei.
Abenduan onartutako mozioaren bidez, euskararen ofizialtasuna onartu zenetik 28 urte eta erregistro zibiletako legean euskara erabili ahal izateko aldaketa egin zenetik bost urte pasa izana gogorarazi dute. «Eta oraindik ez dira behar diren neurri eta mekanismoak abian jarri euskaldunok gure eskubideak gauzatzeko», jasotzen du onartutako testuak.
Bereziki larritzat jotzen dira administrazioek euskaldunei euskaraz bizitzeko jartzen dizkieten trabak eta mugak.
Jaiotza erregistroa euskaraz egin ahal izatea «premiazkotzat» jo dute. «Aparteko larritasuna du jaio eta berehala euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzeak». Euskarazko jaiotza erregistroak aldarrikatzean, heriotza eta ezkontza erregistroekin be gauza bera egiteko eskatu dute.