Negutegien inguruan sortutako arazoa, zarratuta
Gizaburuagako Udalak negutegien inguruan sortutako aeazoa zarratutzat jo du. 2005etik ur isuriekin arazorik egon ez izana eta Artaza ingeniari taldearen txostena dira Udalaren bermeak.
Eguen baserriaren ondoko lurretan dauden negutegien inguruan sortutako arazoa behin betiko amaitutzat jo du Udalak. Horretarako, bi oinarri nagusi ditu: alde batetik, 2005etik inolako arazorik egon ez izana; eta beste alde batetik, Artaza ingeniaritza taldeak egindako azterketa.
Artazakoen azterketa Udalak eskatutakoa da. Eta haren helburu nagusia herritarren artean zeuden beldurrak eta susmoak uxatzea zen. Izan be, zenbait herritarren ustez, negutegien ezarketa izan zen 2005eko gertaeraren arduraduna. Orduan, Eizaurre zein Erazatorre baserriek (ibarraren beheko aldean kokatuak) ibarrean zehar goitik behera zetorren uraren ondorioz kalteak jasan zituzten. Ibarraren goiko aldean negutegiak daude.
Udalak gertaera «tamalgarri» hura hainbat faktore batzearen ondorio izan zelakoan dago. «Euri jasa handia egin zuen, negutegikoak uren bilketarako baltsekin obran zeuden eta beheko aldekoen lanak be barriak ziren», aitatu dute. «Gertaera izan zenean, Jaurlaritzako Ur Agentziakoek ur emaria bideratzeko orrazi erako irtenbidea proposatu zuten, eta obra hori egina dago. «Ordutik Jaurlaritzakoak izan dira negutegian eta dena behar bezala ikusi dute», azaldu dute.
Zenbait kaltetuk uragaz arazo gehiago egon zitekeenaren usteaz jarraitzen zuten. Udalak aitatutako txostena egitea agindu zuen orduan.
Arriskurik ez
Artazakoek negutegiak kokatuta dauden ibarraren azterketa egin zuten. Haren arabera, negutegiko ur baltsek segurtasun neurri guztiak betetzen dituzte eta, «mantenua modu zuzenean egiten jarraituta», ez dute arriskurik suposatzen ibarraren azpiko aldean dauden etxebizitzentzat.
Zenbait kaltetuk txostenaren egileek datu guztiak eduki ez izanaren susmoa zeukaten eta Udalak «informazioa ezkutatu» duelakoan zeuden.
Udalak, bere aldetik, salaketa guztiz ezeztatu du. «Joan garen leku guztietan daukagun informazio guztia emon dugu. Gure asmoa beti izan da arazoa konpontzea, eta hori izan da mugitu gaituen interes bakarra», nabarmendu dute. ««Hasieratik laguntzeko prest egon gara, eta guregana etorri diren guztietan ahal izan dugun guztia egin dugu».
Emaria bideratzeko lanak
Artaza ingeniaritza taldeak ur emariaren nondik norakoak aztertuta, eta arriskurik ikusten ez duela esan arren, ibarreko ur emariari irtenbidea emoteko modu barria gomendatu zuen. «Lehen hirutan banatutako emaria batera ekartzeko zioten Artazakoek eta, seguruago egoteko eta herritarren lasaitasunerako, obra hori ere egina dago».
Gaur egun, oraindik Eizaurre baserrian lur mugimenduak daude. Eta bertakoek negutegiko jardunaren ondorio direla susmatzen jarraitzen dute.
Negutegien jabe den Barrenetxea enpresako ordezkariek guztia legeak dioen bezala daukatela esan dute eta gai horren inguruan ezer gehiago esatekorik ez dutela adierazi dute.