Asteburu honetan banatuko dituzte Herri Programa osatzeko inkestak
Mutrikuko ezker abertzaleak maiatzean izango diren udal hauteskundeetarako Herri Programa osatzeko prozesuarekin jarraitzen du. Zortzi lan taldetan banatuta landu dute lehenengo diagnostikoa eta lehentasunen zirriborroa. Hezkuntza, euskara, naziotasuna...
Mutrikuko ezker abertzaleak maiatzean izango diren udal hauteskundeetarako Herri Programa osatzeko prozesuarekin jarraitzen du. Zortzi lan taldetan banatuta landu dute lehenengo diagnostikoa eta lehentasunen zirriborroa. Hezkuntza, euskara, naziotasuna eta ondarea landu ditu talde batek; kultura eta kirola beste batek; hirigintza politika, politika soziala, sozio-ekonomia, gazte politika, ingurumen eta lurralde politika eta herri partaidetza izan dira beste lan taldeak. “Orain, berriz, 50 bat herritarreko talde zabalagoa osatzen ari gara, zirriborro hori zehazten jarraitzeko, eta era berean, inkesta orriak banatuko ditugu etxe guztietara”, azaldu zuten atzo egindako agerraldian.
Asteburu honetan banatuko dituzte inkesta orriak, eta datorren aste osoan, hilaren 6ra arte, laga ahal izango dira inkesta horiek, beteta, honako lekuetan jarriko dituzten postontzietan: Portuan, Beheko Plazan, Goiko Plazan, Samikoilan, Entzusen eta Zubixa tabernan.
Orain arte egindakoarekin eta jasotzen diren ekarpenekin osatuko da behin betiko Herri Programa. Ezker abertzalearen herri batzarra egingo da horretaz, martxoaren 10ean, eta herri osoari irekia izango den batzarra, berriz, martxoaren bukaeran.