Balea egitasmoko lau lan mahaiak eratzeko batuko dira instituzioak
Eusko Jaurlaritzako Arrantza Saileko Itsasertzeko Garapenerako zuzendari Pablo Medrano Mutrikun izango da datorren astelehenean. Udaletxean izango den bileran, Jaurlaritzako ordezkariarekin batera, Udaleko talde politiko desberdinetako ordezkariak egon...
Eusko Jaurlaritzako Arrantza Saileko Itsasertzeko Garapenerako zuzendari Pablo Medrano Mutrikun izango da datorren astelehenean. Udaletxean izango den bileran, Jaurlaritzako ordezkariarekin batera, Udaleko talde politiko desberdinetako ordezkariak egongo dira; baita Mutrikuko Kofradia, Institutua eta Debegesa garapen agentziakoak ere. 16:00etan izango da bilera.
Lau lan mahai Balea-rako
«Egoera sozioekonomikorako alternatiba berritzaileen bilaketara» bideratutako proiektu modura dauka onartuta Balea proiektua Mutrikuko Udalak, eta Eusko Jaurlaritzako Itsasertzaren Garapenerako zuzendaritza da, hain zuzen, egitasmoa martxan jartzeko %70eko diru laguntza bideratuko duen entitatea.
Asteleheneko bileran, Balea egitasmoa abiatzeko landu nahi dituzten lau arloetako mahaiak eratuko lirateke. Artisau erako arrantza, elikagai industria, akuakultura eta arrantza turismoa izango dira lan arlo horiek.
Balea egitasmoaren inguruko adostasuna adierazpen instituzional baten bidez berretsi zuten duela hilabete, EAJ, EA eta ezker abertzaleko udal ordezkariek. Berdeak+Independienteak taldea kritiko agertu zen proiektuarekin, bertara «diru eta jende gehiegi bideratu nahi delako, Udala ekonomikoki egoera larrian egon arren».