Eguenean sartu zen aurtengo lehenengo antxoa Ondarroako lonjara. Galiziako bi ontzik 1.000 kilo inguru ekarri zituzten. Ontzietako batek 46 kaxa (500 kilo inguru), eta besteak 62 kaxa (650 kilo inguru). Bi ontzietako antxoaren tamaina 42 grano kilokoa ...
Eguenean sartu zen aurtengo lehenengo antxoa Ondarroako lonjara. Galiziako bi ontzik 1.000 kilo inguru ekarri zituzten. Ontzietako batek 46 kaxa (500 kilo inguru), eta besteak 62 kaxa (650 kilo inguru). Bi ontzietako antxoaren tamaina 42 grano kilokoa izan da. Prezioan, ostera, aldea egon zen lehenengo jardun horretan: 11,40 euroan erosi zioten lehenari, eta 10,30 euroan, aldiz, bigarrenari.
Gaur, barikua, antxoaren hiru turrunak entzun dira barriro be Ondarroan. Eta oraingoan gehiago izan da sartu dena: 28 tona. 31-38 grano kilokoa izan da tamaina oraingoan. Prezioak behera egin du: 2,85 eta 3 euro artean ibili da kiloa, bataz beste. “Bigarren egunean antxoa garbiago etorri da, eta ez eskuz sardina artetik apartatzen ibilitakoa”, esan dute Kalare Deuna kofradian. Oraindik antxoaren kanpaina, berez, hasi barik egon arren, lehenengo harrapaketa horiek estimatu egin dituzte arrantzaleek, oso ondo saltzen delako, eta prezio onean.
Azti institutuak egindako azken ikerketaren arabera, maiatzerako 100.000 bat tona antxoa espero da Kantauri itsasoan, iazko udaberrian kalkulatutako kopuruaren bikoitza. Horri esker, Europako Batzordeak 5.600 tonatik 15.600 tonara igo du aurtengorako antxoaren baimendutako harrapaketa osoa.
Beste alde batetik, berdelaren kanpaina, gaur bertan amaitu da amuko itsasontzientzat be. Amaitu da, beraz, berdeleta, aurtengoz. Hiru aste baino ez du iraun.