Egarria asetzeko moduko eguna
Zerbeza Egunaren deiera, herritarrak zein ingurutik etorritakoak frontoian bildu dira etxean prestatutako txerrikia jan eta ekarritako zerbezak dastatzera; herrian egindako zerbezak eduki du arrakasta gehien.
Gastronomiari lotutako jaialdia prestatua zuten amorotarrek asteburu honetarako. Jana: txerrikia. Edaria, oraingoan: zerbeza.
Hamar zerbeza mota zituzten. Han ete hemen egindakoak ziren; Alemaniakoak, holandesak, espainiarrak… Zerbeza mota bakoitzetik hainbat botila ekarri zitzuten: gehien ekarri zen markatik 800 boteila zeuden eta gutxien ekarritakotik, 200. «Iaz aurtengoaren heren bat ekarri genuen, eta uste baino lehenago amaitu ziren. Gehiagoren bila joan behar izan genuen. Aurten horrelakorik ez gertatzea espero dugu», zioten antolatzaileek.
Jaialdiak luze jo zuen iaz. Eta aurten ere esperantza bera zeukaten. Eguerdian ekin eta gauera arte batuta, giro onean, elkarregaz ondo pasatzea. Asmoak gauzatzen, beste behin be, asmatu zuten amorotarrek.
Etxekoa onena
Etxean egindako janari zein edaria izan ziren jaiaren erdigunea. Telleria baserrian hazitako bi txerrietatik ateratako solomo, saltxitxa eta abarrak ezinhobeak zeuden. «Etxean egindakoak ez du, normalean parekorik».
Amaitu zen lehen zerbeza ere halakoxea zen; etxean egindakoa. Etxezar baserrian prestatu zuen, izen bera daraman zerbeza. 40 litro, 80 boteila.
Mingots puntu nabarmena zeukan, baina ederra zegoen. Ordubetea pasatu orduko amaituta zegoen. Hortik atara kontuak.