Hondartza eta igerilekuko obrak, hasita
Hondartza berreskuratzeko eta itsasoko urezko bigarren igerilekua eraikitzeko lanak hasi dira. Amenabar eta Moyua enpresek bateratuta egingo dute obra. Igerilekua eraikitzea izango da egingo duten lehen lana. Dike berria eta bertara joateko bidea lotze...
Hondartza berreskuratzeko eta itsasoko urezko bigarren igerilekua eraikitzeko lanak hasi dira. Amenabar eta Moyua enpresek bateratuta egingo dute obra.
Igerilekua eraikitzea izango da egingo duten lehen lana. Dike berria eta bertara joateko bidea lotzen diren izkinan egongo da kokatua. Lanak aurrera doazen heinean, etorkizunean izango duen kokalekua garbi ikus daiteke. Izan ere, igerilekuaren mugak izango diren paretak eraikita daude.
Igerilekua eraikita, hondartza egokitzeko lanei ekingo diote. Alde batetik, Danborraren atzeko aldean gelditzen den zabalgunea prestatuko dute. Horretarako, oinarrizko lanak egiten ari dira momentuan. Eta amaitzeko, hondarra ekarriko dute. 20.000 metro kubiko hondar botata, marea goian denean, 7.000 metro karratu dituen hondartza edukitzea lortu nahi dute. Obrak martxan jartzeko adostutakoaren arabera, hondartzaren mantenimenduaz Kosten Zuzendaritza arduratuko da, Gipuzkoako gainontzeko hondartzekin egiten duen modura. Eta zabalgunea eta igerilekua Udalaren esku geldituko dira. Adostasun horretara heldu orduko, Jaurlaritzak obrak gelditzea erabaki zuen, geroko mantenimendua noren esku gelditzen zen argitzeko. Obrak dirauten artean, hondartzarako sarrera galerazita egongo da.