Panpa lezka moztu dute Zuhaitz Egunean
Ekozain ekologia taldeak antolatuta, Zuhaitz Eguna ospatu zen domeka goizean Markina-Xemeinen. Arkupean 700 bat zuhaitz landara banatu ondoren, Kareaga industrigunera joan zen hogei bat laguneko taldea bertako berdeguneetan landarak landatzera. Danetar...
Ekozain ekologia taldeak antolatuta, Zuhaitz Eguna ospatu zen domeka goizean Markina-Xemeinen. Arkupean 700 bat zuhaitz landara banatu ondoren, Kareaga industrigunera joan zen hogei bat laguneko taldea bertako berdeguneetan landarak landatzera. Danetara, 100 bat zuhaitz landatu zituzten ume eta nagusiek, pagoak, haritzak eta astigarragak. “Industrigunea egin aurretik harizti eder bat zegoen gune horretan eta hutsune hori betetzeko helburuagaz aukeratu dugu aurtengo gunea”, azaldu zuten antolatzaileek. 300 haritz moztu zituzten industrigunea egin zenean eta gaur egun, berdeguneak bai, baina zuhaitz gutxi daude bertan.
Zuhaitz landarak landatu eta gero, bertatik hurre dagoen lursail bateko panpa lezka moztera joan ziren. Jakitera eman zutenez, landare inbaditzaile bat da eta bere sustraiak zabaldu eta lursail osoak hartzen ditu beste landareak haztea eragotziz. Panpa lezka moztu ondoren hamaiketakoa eduki zuten guztiek.