Bastalotzako parkea, prestatuta
Lurra bere lekuan sendotzeko zain dago Udala Basatalotzako gunea herritarrentzako zabaltzeko. Izen bera daraman iturria balioan jarri dute.
Lurra bere lekura joan eta ingurua sendotu bezala, herritarrek aisialdi gune barria edukiko dute eskura: Bastalotzako parkea.
Mendibarren frontoiaren atzeko aldean gelditzen den parkea egiteko E planatik lotutako diru laguntzak erabili ditu Udalak. «Inguru horretarako, etorkizunera begira, proiektu handiagoak ditugu, baina haiek gauzatzeko modua eduki artean, ingurua berreskuratu eta txukundu nahi izan dugu», azaldu du Imanol Mugartegi alkateak.
Gunea garbitu eta mendiari zati bat kenduta, zabalgunea eratu dute. Parkeak Bastalotzako iturrirainoko bidea egiten du, «baztertua gelditzen zen iturria balioan jarriz». Aisialdi gunean mahaiak eta aulkiak ere jarri dituzte, eta frontoiaren bi aldetatik sartu daiteke bertara.