Ludoteka eta jubilatuen elkartea inauguratuko dituzte domeka eguerdian
E planeko diru laguntzekin prestatu dituzte aurrez ere emoten zen zerbitzuak eskaintzeko azpiegiturea barriak. Inaugurazioagaz herritar guztiei egindako inbertsioaren emaitzak ikusteko aukera emon nahi die Udalak.
Domekan adin tarte oso ezberdineko jendearentzako bi azpiegitura inauguratuko ditu Udalak: alde batetik ludoteka eta beste alde batetik, jubilatuen elkartea.
Bi zerbituzak eskaintzeko erabiliko diren lokalak Agerretxu kalean, bata bestearen ondoan daude. Etxe tasatuen azpiko aldean gelditzen diren lokalak dira, hain zuzen be. Inaugurazioagaz, egindako inbertsioaren emaitzak erakutsi nahi dizkio Udalak herritar guztiei.
Bi azpiegiturak moldatzeko Espainiako gobernuburuak martxan jarritako E planeko diru laguntzak erabili dira.Lehen deialdiagaz lortutakoagaz, ia 110.000 euro jubilatuen elkartea antolatu eta egituratu zituzten. Bigarren deialdian, ostera, lortutako 71.000 euroekin, ludoteka eta herriko zenbait gunetarako uren linea egin zituzten. «Lehen elizako lokalak erabiltzen ziren ludotekarako zein jubilatuentzako. Orain, Udalaren lokaletan egindako inbesrtsioagaz, zerbitzuaren kalitatea hobetzea da helburua», azaldu du Karlos Arrizubieta alkateak. Jubilatuen elkartearen kasuan, elizako lokaletan zituzten irisgarritasun arazoak ere konpondu dituzte.«Elkartera heltzeko eskilarak zeuden. Adinean aurre doazenentzat, bertaratzea zaila ari zen bihurtzen. Orain, kalearen parez dute sarrera. Arazori gabe sartu eta atera daitezke».
Lokalen erabilpena
Jubilatu elkartearen lokalak 70 metro karratu inguru ditu; ludotekara zuzendutakoak, ostera, 40 metro karratu.
Jubioatuen elkarteak, Bizi Elkarteak, 100 lagun inguru biltzen ditu eta ofizialki inauguratu ez den arren, bazkideak hasita daude lokalari erabilpena emoten.
Ludotekaren kasuan, azken ukituak emotean ari dira eguneton, eta domekarako prest egongo da urte guztian funtzionamenduan egongo den lokal barria.